deia ataleko mezuak
[deia]  [eibar]  [aktualitatea] 

22 Apirila
2004

Valverde, 1960ko irudikatzailea

[deia] 

Donostiako San Telmo Museoan amaitzear dago Antonio Valverde "Ayalde"
(1915-1970) artistaren erakusketa. Ez naiz ni nor pinturaz hitzegiteko baina
uste dut, benetan, euskaldun guztiok ezagutu beharko genukeen gizakumea dela
Valverde, pintorea izateaz gainera marrazkilari, grabatzaile, diseinugile,
publizista, idazle, poeta, bertsozale, enpresari, euskaldunberri eta,
besteak beste, tarteka-marteka jaiotzen diren intelektual errenazentista
horietakoa izan zen-eta.
Orain erraz samarra da euskaltzale, kritikari edo aztertzaile agertzea
baina ez, ostera, orain dela 50 urte. Kulturgintza basamortu hutsa zen garai
ilunetan, Antonio Valverde "La Academia Errante" intelektual-taldearen
suspertzaileetakoa izan zen, Juan Ignacio Uria, Koldo Mitxelena, Alvaro del
Valle Lersundi, Ignazio Zumalde, Jose M. Busca Isusi eta beste hainbatekin
batera, eta harreman estuak izan zituen Barandiaran, Artetxe, Pelay Orozko,
Oteiza, Chillida eta gainerakoekin.
Segurutik bada haren lan-esparru zabalean zer nabarmendu baina, nik
neuk,
neure ikuspegitik, 1960 hamarkadako giroa irudikatzeko izan zuen gaitasuna
azpimarratu nahi nuke. Garai hartan euskal letretara estreinako inguratu
ginen gazteok Valverderen "santuekin" topo egiteko zoria izan genuen,
Lizardiren "Biotz begietan", Orixeren "Euskaldunak", Juan San Martinen
"Escritores euskricos" eta beste hainbat argitalpen (egutegiak,
gabon-zorionak eta estropada-kartelak) kasu.
Ildo beretik, berak marraztu zituen zenbait etnografi-pasarte ezagun
(Akelarre, Olentzero), berak pintatu zituen garaiko lekukoak (Manuel
Lekuona, Koldo Mitxelena, Uztapide...) eta berak irudikatu zituen orain
betidanikotzat joten ditugun pertsonaia historikoen erretratuak (Domenjon de
Andia, Aita Larramendi, Lope de Agirre, Xenpelar...).
Antonio Valverde izan zen, batere zalantzarik gabe, 1960 hamarkadako
kulturaren pintore eta erretratugile. Gaur egun ez dago haren parekorik.
Orain ETBren kamarak ditugu. Orduan Valverderen eskua eta konpromisoa.
Amatio

Bidaltzailea: Amatiño. Noiz: 04:11
26 Apirila
2004

Hasteko ikurria kendu

[deia] 

Martxoko hauteskundeen ostean egoera zeharo aldatu da eta PPren agintepeko
abia zoroan galdutako arau demokratikoak euren onera bihurtzen ari dira.
Zenbait sinesgogorrek esango du ez dela, orain arte behintzat, edozein
demokraziatan oinarri-oinarrizkoa baino ez dena berreskuratu baina, hala
ere, onartzekoa ere bada aurrera egiteko behar-beharrezko dela aldez
aurretik nolabaiteko normaltasunen batetik hastea. Detxeparek esan zuen
orain bostehun urte: "Ogirik ez dakusat biltzen, hazirik erein gaberik".
Udaberri politikoa heldu omen da, betozko ilunak arindu, liliak loratu,
irribarrea biztu eta mundu guztia ari da zein baino zein gozoago, leunago,
atseginago, otzanago, baketsuago eta sosegatuago. Horra non, politikagintzan
ere guztiz garrantzitsuak diren erak eta moldeak, formak eta kortesiak.
Sekulako aurkikundea gero
Benito Lertxundiri jaramonik egingo badiogu, ostera, formak ez dira nahiko.
Ahaztu egin zaigun arren, orain dela hiru urte nolabaiteko barealdiren batek
jo zuen Aznarren burua eta presidente espainiarrak Ibarretxe lehendakaria
gonbidatu zuen Madrila. Hainbeste kostatako bisita onuragarri egiteko,
aurreko egunetan mortalak eta bi egin zituzten Moncloako
protokolo-arduradunek Aznar eta Ibarretxeren arteko bilera arrakastatsu
gertatu zedin. Lehendakaria gozatu beharraren beharrez, ajenda, ordutegi,
logistika, gai-zerrenda eta gainerako ipi-apak aldez aurretik hitzartu
ziren, Ibarretxek bere burua "etxeko" sentitu zezan Moncloan.
Baina horra non Lehendakariaren autoa ikurrin eta guzti agertzen den
Moncloako Jauregiaren sarreran eta arduradunek esaten dioten ezetz, arren
eta mesedez: Ez dagoela ikurrinaz sartzerik... bandera eramatea
estatu-presidenteei bakarrik dagokiela... erak, moldeak, formak eta
kortesiak garrantzitsuak direla... horrela ez dagoela elkar ulertzerik...
horrela ez dagoela bilera onuragarri egiterik... Bai, bai... bisita bai,
baina, giroa errazteko, elkarrizketa leuntzeko, bakeak egiteko... aurretik
ikurrina kendu
Amatio
----------
Yahoo! Groups Links
* To visit your group on the web, go to:
*
http://groups.yahoo.com/group/eibartarrak/
*
* To unsubscribe from this group, send an email to:
*
[email protected]
*
* Your use of Yahoo! Groups is subject to the
Yahoo! Terms of Service.

Bidaltzailea: Amatiño. Noiz: 06:20
05 Maiatza
2004

Popularrak pedigri bila

[deia] 

Carlos Iturgaitz gutxi iritzita edo, euskal Alderdi Popularra lider bila
ari da eta Ignacia Loyola de Palacioren izena proposatu dute Madrilen. Ideia
Madrilgo zuzendaritzak egin izana ez zaie euskal alderdikideei lar gustatu.
Zenbaiten ustez, horrelako erabakiak Euskadin hartu beharko lirateke, euskal
Alderdi Popularraren autonomiarik ezak ezer gutxi laguntzen duelakoan
hauteskundeetan. Horra euskal popularrak autonomia aldarrikatzen.
Autonomia ezezik, euskal jatorria ere aldarrikatzen hasiak dira popularrak
euren liderrak aukeratzerakoan. Izan ere, Loyola de Palacioren prestakuntzaz
gainera, bere euskal jatorria ere baloratu dute: "La condicin de que el
nuevo lder sea un vasco de nacimiento, De Palacio lo es slo por
ascendencia, es un factor al que se da asimismo enorme importancia en las
filas populares" (La Razn, 2004.04.27).
Euskal Herrian jaioa ez izan arren, Loyola de Palacioren euskal pedigria
kontuan hartzeko modukoa omen da: "Los electores valorarn muy positivamente
que una gran mujer, buena profesional, que es vicepresidenta del Gobierno
Europeo, vasca-vasca... (ABC, 2004.04.28). Auskalo alderdi abertzaleren
batek horrelakoak esango balitu ez ote luketen xenofobotzat joko baina,
antza, Loyola de Palaciok hori eta gehiago merezi du.
Dena den, zer ez ote duten Madrilgo egunkariek esango Loyola de Palaciok,
euskaraz ezkutuan baino hitzegin ez arren, euskalduna dela jakiten duten
egunean. Isilpeko euskalduntasun hori Loyolak berak aitortu zion orain
bospasei urte EAJren diputatu bati.
Ustebako aitorpen hori egin zionean diputatu jeltzalea euskaraz hasi
zitzaion Loyola de Palaciori eta honek erantzun: "No, yo no hablo euskera
batua, sino vizcano". Eta, bat-batean, diputatuak bizkaieraz erantzun
zionean, gure emakume bizkorrak argitu zion: "No, yo hablo la variedad
dialectal de Markina".
Beraz, inork ez du Loyolak markineraz dakienaren frogarik, baina guztiz
frogatua dago gure emakume bizkorrak euskara batua, bizkaiera osotua eta
markinera bereizten dituena.
Amatio

Bidaltzailea: Amatiño. Noiz: 13:20