22 Apirila
2004

Valverde, 1960ko irudikatzailea

[deia] 

Donostiako San Telmo Museoan amaitzear dago Antonio Valverde "Ayalde"
(1915-1970) artistaren erakusketa. Ez naiz ni nor pinturaz hitzegiteko baina
uste dut, benetan, euskaldun guztiok ezagutu beharko genukeen gizakumea dela
Valverde, pintorea izateaz gainera marrazkilari, grabatzaile, diseinugile,
publizista, idazle, poeta, bertsozale, enpresari, euskaldunberri eta,
besteak beste, tarteka-marteka jaiotzen diren intelektual errenazentista
horietakoa izan zen-eta.
Orain erraz samarra da euskaltzale, kritikari edo aztertzaile agertzea
baina ez, ostera, orain dela 50 urte. Kulturgintza basamortu hutsa zen garai
ilunetan, Antonio Valverde "La Academia Errante" intelektual-taldearen
suspertzaileetakoa izan zen, Juan Ignacio Uria, Koldo Mitxelena, Alvaro del
Valle Lersundi, Ignazio Zumalde, Jose M. Busca Isusi eta beste hainbatekin
batera, eta harreman estuak izan zituen Barandiaran, Artetxe, Pelay Orozko,
Oteiza, Chillida eta gainerakoekin.
Segurutik bada haren lan-esparru zabalean zer nabarmendu baina, nik
neuk,
neure ikuspegitik, 1960 hamarkadako giroa irudikatzeko izan zuen gaitasuna
azpimarratu nahi nuke. Garai hartan euskal letretara estreinako inguratu
ginen gazteok Valverderen "santuekin" topo egiteko zoria izan genuen,
Lizardiren "Biotz begietan", Orixeren "Euskaldunak", Juan San Martinen
"Escritores euskricos" eta beste hainbat argitalpen (egutegiak,
gabon-zorionak eta estropada-kartelak) kasu.
Ildo beretik, berak marraztu zituen zenbait etnografi-pasarte ezagun
(Akelarre, Olentzero), berak pintatu zituen garaiko lekukoak (Manuel
Lekuona, Koldo Mitxelena, Uztapide...) eta berak irudikatu zituen orain
betidanikotzat joten ditugun pertsonaia historikoen erretratuak (Domenjon de
Andia, Aita Larramendi, Lope de Agirre, Xenpelar...).
Antonio Valverde izan zen, batere zalantzarik gabe, 1960 hamarkadako
kulturaren pintore eta erretratugile. Gaur egun ez dago haren parekorik.
Orain ETBren kamarak ditugu. Orduan Valverderen eskua eta konpromisoa.
Amatio

Bidaltzailea: Amatiño. Noiz: 04:11