26 Apirila
2004

Hasteko ikurria kendu

[deia] 

Martxoko hauteskundeen ostean egoera zeharo aldatu da eta PPren agintepeko
abia zoroan galdutako arau demokratikoak euren onera bihurtzen ari dira.
Zenbait sinesgogorrek esango du ez dela, orain arte behintzat, edozein
demokraziatan oinarri-oinarrizkoa baino ez dena berreskuratu baina, hala
ere, onartzekoa ere bada aurrera egiteko behar-beharrezko dela aldez
aurretik nolabaiteko normaltasunen batetik hastea. Detxeparek esan zuen
orain bostehun urte: "Ogirik ez dakusat biltzen, hazirik erein gaberik".
Udaberri politikoa heldu omen da, betozko ilunak arindu, liliak loratu,
irribarrea biztu eta mundu guztia ari da zein baino zein gozoago, leunago,
atseginago, otzanago, baketsuago eta sosegatuago. Horra non, politikagintzan
ere guztiz garrantzitsuak diren erak eta moldeak, formak eta kortesiak.
Sekulako aurkikundea gero
Benito Lertxundiri jaramonik egingo badiogu, ostera, formak ez dira nahiko.
Ahaztu egin zaigun arren, orain dela hiru urte nolabaiteko barealdiren batek
jo zuen Aznarren burua eta presidente espainiarrak Ibarretxe lehendakaria
gonbidatu zuen Madrila. Hainbeste kostatako bisita onuragarri egiteko,
aurreko egunetan mortalak eta bi egin zituzten Moncloako
protokolo-arduradunek Aznar eta Ibarretxeren arteko bilera arrakastatsu
gertatu zedin. Lehendakaria gozatu beharraren beharrez, ajenda, ordutegi,
logistika, gai-zerrenda eta gainerako ipi-apak aldez aurretik hitzartu
ziren, Ibarretxek bere burua "etxeko" sentitu zezan Moncloan.
Baina horra non Lehendakariaren autoa ikurrin eta guzti agertzen den
Moncloako Jauregiaren sarreran eta arduradunek esaten dioten ezetz, arren
eta mesedez: Ez dagoela ikurrinaz sartzerik... bandera eramatea
estatu-presidenteei bakarrik dagokiela... erak, moldeak, formak eta
kortesiak garrantzitsuak direla... horrela ez dagoela elkar ulertzerik...
horrela ez dagoela bilera onuragarri egiterik... Bai, bai... bisita bai,
baina, giroa errazteko, elkarrizketa leuntzeko, bakeak egiteko... aurretik
ikurrina kendu
Amatio
----------
Yahoo! Groups Links
* To visit your group on the web, go to:
*
http://groups.yahoo.com/group/eibartarrak/
*
* To unsubscribe from this group, send an email to:
*
[email protected]
*
* Your use of Yahoo! Groups is subject to the
Yahoo! Terms of Service.

Bidaltzailea: Amatiño. Noiz: 06:20