2012/12/23 16:32:43.860 GMT+1

Urtebetetze festa, Castillo Suarez-ena

Poesia narratiboa da Castillok erabili duena liburu honetan. Elkarrizketa interesgarria egin diote Euskal Herria irratian.



Ea gustatzen zaizkizun, niri bezala, bi poema hauek:

22.  orrialdea:

Askatasun eremua

Ezin dira artxiboetan gorde maitasun adierazpenak. Zergatik gordetzen ditugu orduan buruan bikotekide ohiaren urtebetetze eguna, abandonatu gaituenaren argazkia eta traizionatu gintuenaren muxua.

Nahigaberik ez izatea beste ametsik gabe, autodefentsarako eremua handitzen dugu gure gabezia eta ezinen frogak aurkitu ez ditzaten. Nahiago dugu autoan bakarrik joan lanera eta bakarrik jarri autobusean. Jendeari erreparatu nork bere aldetik. Begiak jaitsi norbait hurbiltzean. Aterkipean estali. Izugarri eremu zabala da bakardadea.

Arrotz izaten jarraitu nahi dugu.
Begiak dendetako argiei begira jarri.

Gure askatasun eremua erraietara murrizten da.

66. orrialdea

Etxeratzeko agindua

Denok behar dugu norbait
gustura egon gareneko lekuekin orainaldia osatu
eta dena ondo aterako dela esango diguna.
Aginduko diguna lanetik etxera joango garela
argia piztuta duten leihoetara begiratu gabe.
Gauzak bukatuko ez balira bezala besarkatuko gaituena, finean.

Baina zaila da esaldi egokiak aurkitzen.
Ezin esan besoak zabaltzea erraza dela.
Mundua esaten ez diren hitzekin egina dago.
Gerra adierazpenak entzuten ditugu gehien maite gaituztenongan, eta prestatzen hasten gara ideia gaiztoen armada.

Ez dabil inor kalean.
Ematen du etxeratzeko agindua eman dutela.

Nork: marije.2012/12/23 16:32:43.860 GMT+1
Etiketak: | Permalink