Abuztuaren 24 Berrian irakurritako artikulu erakargarri baten ostean, biharamunean Gipuzkoako Pagoetako naturguneko parketxe berria ezagutzea erabaki genuen, Iturraran baserri berrituan (Aia), bisita gidatu bat iragartzen zela ikusita: erlategi batzuk eta inguruak ezagutzeko (lorategi botaniko polita ere bada han).
Azaldu ginen eta kontxo, gaztelaniaz bakarrik. Zenbait bisitarik protesta egin genuen, Berria-n irakurria baikenuen azalpenak emateko gidari parea izaten dela (batak talde batekin euskaraz, besteak gaztelaniaz). Baina informazio hori Parketxeak berak antolatutako bisitentzat omen zen, eta erlategien bisita espezifikoak Urola Kostako Mankomunitateak antolatzen ditu. Tamalez behin baino gehiagotan entzundako aitzakiak jarri zizkiguten.
- Taldean euskaraz ez dakien jendea dago. Bisitarien artean gaztelaniaz ez dakien hiru urteko haurrik ere bazen.
- Turistentzat egiten dira gauza hauek. Barne-turismorik egiteko eskubiderik ez dugu euskaldunok, eta, bestalde, turista titulua merezi duen turista bakarra espainola da, ingelesak ere ez dira sartuko kategoria horretan.
- Gidaria euskara ikasten ari da ahalegin handiarekin. Agindu zigun bai, bietan egiten saiatuko zela, baina gaztelera hutsez hasi zen beste barik, ez zuen euskaraz jarraitzeko gogorik azaldu, eta gainera nerbioso protesten aurrean: ez jarraitzea erabaki genuen, eta ez dakit nola jarraituko zuen kontuak, baina pertsona batek ez badu gidari izateko perfilik betetzen, ez du betetzen, horixe da kontua. Eta bere ikasketa prozesuaren nekeak eta problemak errespetatzekoak izango dira, baina euskaldunak bere herrian euskaraz egin diezaioten hartu behar dituenak ere ez dira nolanahikoak.
- Berria-koek ez dute deitu informazioa baieztatzeko; kazetariak, badakizue... Bale, baina Mankomunitatearen informazio propioan ere ez dago bisiten hizkuntza politikari buruzko ohar minimorik.
Urola-Kostara itzulita, zertarako dira Mankomunitate horretako bi udalerri UEMAko partaide? Getaria da herri horietako bat eta ibilbide eta itsas-zeharkaldiak antolatzen dituzte, besteak beste: hizkuntza politikarik gabe horiek ere. Alegia, edo denak euskaldunak loteria hutsez (eta orduan ere, segun zeinek atenditzen zaituen), edo gaztelaniaz, automatikoki.
Bestalde ezin aipatu gabe utzi herriko plazan Elkanori jarri dioten zutoin berrian erabili den hizkuntza politika desegokia.
Idatzi artikulu bat