2009/05/10 21:04:25.835 GMT+2

Seinale bat da!

Horixe izan da Santiyo bidearen (bide frantsesa) bigarren eta hirugarren etapak egiterakoan gehien erabili dugun esaldia.

Maiatzaren 8an, ostiralean Iruñean kotxea utzi ondoren abiatu ginen autobusean Orreagara. Lehen ezustekoa: autobusa erromesez betea.

Orreagan jende oldea aterpean, 120 lagun gurean eta beste talde bat alboko aterpean. Bigarren ezustekoa: erromesak atzerritarrak dira, salbu eta gutxi batzuk.

Ongi etorri meza ederra izan da, organo indartsua, eliz zoragarria eta amaierako erritua XI. mendekoa, 10 bat hizkuntzetan egin du apaizak, tartean japonieraz, korearrez, holanderaz, frantsesez, portugesez, ingelesez... eta azkena euskaraz. Eliza atzerritarrez josia zegoen eta herrialde askotarikoa gainera. Jauna hartzera gehienak hurbildu dira.

Oso lo gutxi egin dut; zurrunga asko inguruan...

Aterpe zaindariak belgak dira. Josef-ek zazpi urte daramatza urtero bi astez aterpean erromesei ongi-etorri goxoa egiten eta aterpearen berri ematen. Euskaraz diosalak badakizki. Goizeko seietan kantatuz esnatu gaitu eta egunonak bospasei hizkuntzetan ahoskatu ditu, euskaraz barne. Eguraldiaren berri ere kantuan eman digu, ateri dago, aleluia!

27 kilometro egin ditugu guretzat lehen etapa izan den honetan; berez bigarren etapa da, lehena Donibane Garazin hasten dena da, eta oso aldapatsua eta luzea denez, bigarrenetik hastea erabaki genuen, Orreagatik Larrasoainera. Bidea oso da polita; baso, soro, erreka, ibai, artalde, behor... aparta ingurunea. Eguraldi lagun izan dugu gainera bide guztian.

Bidean Jerry irakasle kanadarra ezagutu dugu lehenik, gero Silvie irakasle kanadarra hau ere, Quebec-tarra gainera.

Azken bi kilometroak oso gogorrak egin zaizkit;oinak babaz beteak sentitzen nituen eta samina etengabea; nekea bidelagun eta Larrasoain atzean utzia ote nuen susmoa; Jaione eta Marijuli aspaldi galduak nituen. Azkenean bila etorri zaizkit eta azken metroak beraien laguntzarekin egin ditut, zorionez... Aterpean horizontalean, etzanda egon behar izan dut dutxatzeko indarra berreskuratu arte.

Sangalo tabernan afaldu dugu, nagusi orojakin batek zerbitzatuta. Mahaikide senar-emazte frantsesak, Santiyo bide guztiak egindakoak eta ama-alaba kaliforniarrak; ingelesa eta frantsesa praktikatu ditugu.

Gelan bi Logroñoar ezagutu ditugu. Primeran egin dut lo.

Gaur goizean euria lagun abiatu gara gure bigarren etapa egitera. Marijuliri apustua irabazi diot ez baitu atertu luzaroan. Halere kapa jantzitan ederto egin dugu bidearen lehen zatia; bigarrena oso lokaztua zegoen eta zailxeagoa izan da. Mexikoko abokatu gazte eta xarmantarekin hitz-jarioa izan dugu. Frantziako senar-emazte super-erromesak harrapatu eta gainditu gaituzte.

Azkenean iritsi gara Arre-ko aterpera, Atarrabiara eta hamaiketako oparoa egin dugu herriko terrazan. Silvie topatu dugu bertan; atzoko minak pasa zaizkio. Jaionek esan bezala, esoterikoa da...

Gaur ere azken kilometroetan hanketatik sufritu dut, hamar bat baba kontatu ditut. Gainera argazki-kamara galdu dudalakoan pasa ditut bi ordu, baina zorionez aurkitu dut.

Erromes pasaportea Iruñeko aterpean sinatu digutenean bidelagun izan ditugun mexikarra eta argentinarra agurtu ditugu. Oso itxura ona du Iruñeko aterpeak, ez hain ona harreran zegoen emakume ozpinduak.

Gaztelu plazan bazkari-bueltatxoa egin dugu ederto. Autobus geltokiko zelaian etzanda pasa dugu ondorengo ordubetea, eguzkipean bero. Jaionek sorgin lanak egin dizkit eta berriro ere asmatu du.

Esperientzia itzela  izan da. Marijulik arrazoia du, sufritu egin dut azken kilometroetan baina beste guztia zoragarria izan da: lagunak, harremanak, lekuak, eguraldia, janaria, usaina, sentsazioak, emozioak...

Mila esker dagokionari. Santiyoko argazkiak.

Nork: marije.2009/05/10 21:04:25.835 GMT+2
Etiketak: bidaia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Please answer this question to add your comment
Zenbat dira hiru gehi bost? (idatzi zenbakia)