2010/02/20 19:07:51.144 GMT+1

Pablo Milanés Donostian

Ostiralean -otsailak 19- Pablo Milanés-en kontzertuan egon nintzen, Marijuli lagunak gonbidatuta. Mila esker Marijuli!

Potoloxeago dago orain, zaharxeago ere bai, baina ahotsa berdin du.

Kontzertu gogoangarria izan zen, hunkigarria eta motza oso, ia bi ordu iraun bazituen ere; hain geunden gustura! Eta ez zuen etenik egin gizonak!

Mikel Laboaren Txoriak Txori abestiarekin bukatu zuen kontzertua, nahiz eta bi bis gehiago egin zituen ondoren; horixe izan zen une hunkigarrietako bat; besteak Yolanda abestu zuenean edo Las calles de Santiago.

Disko berritik -Regalo- bizpahiru abesti abestu zituen. Uste dut disko horretako abesti bat zuzenean erbestean -edozein dela ere arrazoia- dauden kubatar guztiekin bat egiten duena dela. Zizareei eskua luzatze bat iruditu zitzaidan. Beste abesti bat, La libertad izenekoa, hain zuzen, askatasunaren iraungitzeaz ari dena, Kubako erregimenaren antzutasunaz ari dela iruditu zitzaidan. Askatasuna ez dela betirako, ez duela dagoeneko erditzen, etorri bezala joaten dela... Antzeko gaia jorratzen du Dos preguntas sin respuesta, edo izena duen abestiak; Kubara sartu eta irten ezin duten bi pertsonen inguruan.

El largo camino de Santiago da beste abestietako bat -bere webgunean entzun daiteke-; badirudi bidea egina duela, edo? Garai batean espiritualtasunarekin lotua, gaur egun norberaren sakontasunean igeri egiteko, edota maitasuna, letra larriekin bilatzeko dela aipatu zuen.

Kuriosoa egin zitzaidan Pablori ere -beste edozein kubatarri bezala-, amol, amanezel, escribil eta antzekoak entzun nizkionean.

Anfiteatroan egon ginen, albo batean, eta egia esan beheruntz begira, eta segapoto ultramodernoarekin grabaketan aritzen diren horiek estorbu besterik ez dute egiten atzetik begira ari direnei.

Iruñara omen dator martxoaren 17an.

Hemeroteka:
Periodiko irakurrienean.

Nork: marije.2010/02/20 19:07:51.144 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Please answer this question to add your comment
Zenbat dira hiru gehi bost? (idatzi zenbakia)