2007/08/03 18:56:49.304 GMT+2

Zuhaizpera urteko bisita

Zuhaizpetik etorri berria naiz. Bost egun pasa ditut, astelehenetik ostiralera.
Neke handiarekin joan nintzen. Uztaila polita eta astuna izan da aldi berean niretzat. Lanean erritmo bizia izan dut eta Peru eta Lili udalekutik jaso ondoren etxean bazkaltzen genuen. Jale maxkalak dira biak ere eta jaki gogokoenak jarri baldin badizkiet ere ezta xamurra eguerdiko tarte hori. Ondoren bai, arratsalde pasa elkarrekin egin dugu eta oso ondo pasa dugu elkarrekin, Urgulen, hondartzan, igerilekuan, eskaladan, zinean, uhartean... ibili gara. Gainera sarri lagunekin arratsalde eta asteburu pasa izan dugu. Beraz hilabete mugitua!
Uztailaren amaieran pazientzia apur bat besterik ez zitzaidan gelditzen, oso gutxi benetan!
Eta primeran etorri zait Zuhaizpera bixita! Iaz ez bezala aurten talde handia zegoen bertan baina jende askok barau egin duenez, ez da gehiegi igerri. Oso jende interesgarria ezagutu dut bertan. Denetarikoa orain ere! Bi ezagun -Amaia, Karmeloren arreba eta Garbiñe Kontseilukidea- eta Kanariar uhartetik etorritako Mila, Kataluniako Joakin eta Maridolors eta Karmina, Bilboko Jabier, Santurtziko Celina eta Kontxi, Madrilgo Sagrario, Irungo Pili eta  Feli, Irene Ondarrutarra, Carlos Valladolid-tarra, Nekane Beizamarra, Arantxa Orexarra, Rosa Donostiarra, Ion Algortarra...
Ederki pasa dut. Bioenergetika saioa eraginkorrak izan dira, erlaxazio saioak lasaigarriak, elkar-jartzeak interesgarriak eta jakinduriz beteak, hitzaldiak jakinmina asetzeko modukoak, irteera ederra Irantzu monastegira, janaria goxoa baina kopuruz handiegia...
Igerilekua sekula baino gehiago probestu dut. Egunean lau bat aldiz bainatu naiz. Gaur gainera umekerietan ibili gara, igeriketa sinkronizatua barne!
Nire helburua bete da. Lasai eta orekatuago bueltatu naiz etxera. Etxekoak besarkatu eta muxukatzeko gogo biziz!

Nork: marije.2007/08/03 18:56:49.304 GMT+2
Etiketak: osasuna | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Please answer this question to add your comment
Zenbat dira hiru gehi bost? (idatzi zenbakia)