Mursegoren kontzertuan izan naiz Lugaritz kultur etxean.
Aitortu behar dut ez nekiela juxtu zer topatuko nuen, ezta jende asko edo gutxi hurbilduko zen bertara.
Sorpresa itzela izan da: kontzertua mundiala, aretoa gainezka, giroa goxoa.
Artista bat da emakume hau. Musika tresna desberdinak menderatzen ditu: violontxeloa, euskalelea, marakak, makilak, ahots-pianoa... Sintetizadorearen laguntzarekin nahasketa estraino bezain ederrak lortzen ditu. Ahotsa -beste mundukoa ez bada ere, berak aitortu bezala- leun zein garratz, soinu eta doinu aberatsak sortzeko erabiltzen du. Abestien letrak gozagarriak dira; batzuk komikotasun puntu eder bat dute -hegaluzea pistoarekin prestatzeko errezetan-, besteak oso benetakoak dira -bakardadeaz ari denean, adibidez-.
Eta, guzti hori gutxi balitz bezala, puztuta sentitzeraino gustura sentiarazi nau egin duen euskararen erabilerarekin. Iupi.
Aurkezpenak euskaraz, letra gehienak ere bai, eta dena lasai-lasai, bere etxeko musika-gelan ariko balitz bezala. Ni ere etxeko gonbidatu sentiarazi nau. Gozagarria benetan. Are gehiago, egunean zehar Soziolinguistika jardunaldian kezka-iturri zaizkigun gaien inguruan bueltaka ibili ondotik. Diglosiarik bada, ordu t´erdian euskararik ez zekiten entzuleek bizi izan dutena izan da, behingoagatik -banituen alboan itzulpen beharra izan dutenak-. Txapo!
Eta, hori guztia gutxi balitz, Marisolen alboan eseri naiz, kasualitatez, eta Mikelen antzekotasun eta gustuen inguruan jardun dugu; gazte musikari ausartak ugaritzen ari direla; Mikeli Mi negrito zenbat gustatzen zitzaion...
Nik ere diskoa erosi dut, Mursego 2, 10 eurotan. Etxekoei erakutsi behar diet.
Oraindik ez baduzu ezagutu, aukera duzunean ez hutsik egin, gozatuko duzu.
2011/02/18 23:16:19.781 GMT+1
Mursego (eta diglosia)
Nork: marije.2011/02/18 23:16:19.781 GMT+1
Etiketak: musika | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)
Idatzi artikulu bat