2009/11/04 14:11:53.892 GMT+1

Kutxako Gaztetxoen Kluba, gaztelaniaz

Larunbatean, urriaren 31ean, Beldurrezko Zinemaldiko pelikula bat ikustera joateko gonbita jaso genuen. "Niko eta izarretako bidea" ikustera joan ginen eguerdiko 12etan, eta aibala!, Kutxako
Gaztetxoen Klubak antolatutako bideo lehiaketaren sari-banaketa eta bideoen pasea ikusi behar izan genituen, abisurik gabe.
Baina, gogorra egin bazitzaigun 40 minutu itxaron beharra pelikula ikusi arte, gogorrena aurkezpenean erabilitako hizkuntzen erabilera izan zen.


Aurkezle Goenkaleko Leonorren senarra, senar-ohia?. Zuzen euskaraz baina gaztelaniaz ere errepikatuz, ia dena. Epai-mahaian parte hartu zuten lau ezagunetatik hiru euskaldunak ziren, ba, galdera-erantzunak hola izan ziren:
    Rebordinosi gaztelaniaz galdetu eta berak hala erantzun.
    Olaziregiri gaztelaniaz galdetu eta berak hala erantzun.
    Gaztetxoen Klubeko arduradunari euskaraz galdetu eta honek bi hizkuntzetan errepikatu erantzuna.
    Aitzpea Goenagari euskaraz galdetu eta berak hala erantzun.

Sari-banaketarako bi neska gazte azaldu ziren, sarrera euskaraz eta tarteka ere bai, baina eduki nagusia gaztelaniaz. Azpimarratu behar da gaztetxoen izenak ahozkatzerakoan, izena eta abizena gaztelaniazko ahoskerarekin egin zutela.

Eta ez ginen iritzi kritiko honekin gelditu ginen bakarrak, beste euskaldun talde batek ere inpresio berdina izan baitzuen.

Eta gainera, ez da lehenengo aldia. Kursaaleko kuboan pailazoak ikustera joan ginen udaberrian. Orduan ere Gaztetxoen Klubak antolatutako sari-banaketa jasan behar izan genuen. Eta orduan ere euskaldunontzat lotsagarria izan zen aurkezleak erabilitako hizkuntzen arteko desoreka: nabarmena zen gaztelaniarako joera.

Eskaera egin nahi nioke dagokionari, Gaztetxoen klubak egin ohi dituen ekitaldi publikoetan euskarak ezin duela gaztelaniaren menpeko agertu; eta nola lortu daiteke hau? Besteak beste, dena bi aldiz errepikatu gabe, eduki nagusiena gaztelaniaz ezezik, euskaraz eskainiz, izen-abizenak euskal azentuarekin ahoskatuz...


Nork: marije.2009/11/04 14:11:53.892 GMT+1
Etiketak: euskara | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Kaixo Marije,

Eskerrik asko Marije jakinaren gainean jartzeagatik, zurea bezalako mezuek, gure hobetzekoak detektatu eta benetako hobekuntzak egiteko aukera ematen baitigute. Bat nator hizkuntzaren erabilerari dagokioenan idatzi duzunarekin eta bide batez esan, dagokien arduradunak jakinaren gainean jarri ditudala neurri egokiak har ditzaten, aurrerantzean horrelakoak errepika ez daitezen.

Kutxaren Gizarte Alorrak ibilbide luzea du eta inertzia zaharrek oraindik indarrean dirautela ikusten da horrelako deitaileetan. Aldaketa betean murgilduta gaude ordea eta tartean hizkuntza irizpideen errebisioan ere badihardugu. Ez dira aldaketak berehalakoan igarriko akaso, baina progresiboki urratsak norabide berri batean emateko irizpideak finkatzen dihardugu.

Ea luze gabe hizkuntzen tratamendu normalizatuago batez gozatzeko aukera dugun.

Segi ongi,
Imanol Miner

Nork: Imanol Miner Aristizabal.2009/11/09 12:06:55.505 GMT+1

Idatzi artikulu bat





Please answer this question to add your comment
Zenbat dira hiru gehi bost? (idatzi zenbakia)