2009/10/14 09:29:17.833 GMT+2

Hizkuntza irizpideen premia Antiguako Jakintza ikastolan

Donostiako Udaleko Prebentzio Sailak hiriko ikastetxeetako gurasoentzat formazio ikastaroak eskaini ditu. Ikastaro hauetan gurasoek seme-alaben heziketan kezka-iturri dituzten gaiak landuko dira. Aurtengoa bigarren urtez jarraian egiten den eskaintza da. Ikastaroen iraupenari dagokionez, 2 orduko 9 saio ditu ikastaroak, beraz guztira 18 orduko iraupena du.

Antiguako Jakintza ikastolan 2008-2009 ikasturtean jaso zen lehen aldiz Udaleko Prebentzio saileko proposamen hau. Ikastolak eta Guraso Elkarteak proposamena onartu egin zuten baina euskararik ez zekien irakasle bat bidali zuten Udaletik. Beste aukerarik ezean, ikastaroa gaztelaniaz egin zen.

Aurten, Antiguako Jakintza ikastolako Guraso Elkarteak hala eskatuta, irakasle euskalduna bidali du Udaleko Prebentzio Sailak baina ez du hizkuntza irizpiderik aurrez finkatu. Gurasoen esku utzi du ikastaroa zein hizkuntzetan egingo den erabakitzea. Eta holakoentan gertatu ohi denez, irakaslea euskalduna izatea alperrik izan da.
Ikastaroaren ordua eta hizkuntza erabakitzeko 11 guraso bildu ginen, horietatik bi ziren euskaraz ulertzeko arazoak zituztenak. Euskararen erabilera ziurtatze aldera, saio batzuk euskaraz eta besteak gaztelaniaz egitea proposatu zen (bi hizkuntzetan egiteak ez baitu bermatzen bi hizkuntzen erabilera berdintsua -gaztelania gailentzen da beti- eta batez ere euskaldunontzat gogaikarria delako dena errepikatua entzun beharra).

  • Bileran bildutakoen erreakzioa adierazgarriena euskaldunena izan zen. Gehienei berdin zitzaion saioak gaztelaniaz egitea, ze, "saioak bitan banatuz gero (5 saio hizkuntza batean eta beste laurak bestean) gurasoak galtzen aterako gara, gai gutxiago jorratu ahalko dira", "berdin dio ze hizkuntzetan egiten den"...

  • Beste ikastetxeetan zer egiten den, zein den egoera ohikoena galdetu zuen guraso batek eta irakasleak gaztelaniaz egiten direla aipatu zuen, salbu eta hirutan.

  • Hiru ordu laurdeneko eztabaida ondoren, saioak gaztelaniaz egingo direla erabaki zen.



Kontakizunaren une honetan azpimarratu nahi dut orain bi ikasturte arte, Baikara elkartearekin elkarlanean, bi hizkuntzetan eskaintzen zituela formazio-saioak Guraso Elkarteak. Orain, aldiz, Udalaren ekimen honekin, atzerapausua eman da ekintzak euskaraz ere antolatzeko asmoan.

Egoera hau iraultzeko bi bide hauek bururatzen zaizkit:

  • Guraso Elkarteak eta Ikastolako zuzendaritzak eskaintza guztiak, beraiek antolatutakoak zein kanpotik proposatzen direnak, hizkuntzaren erabilera aldez aurretik finkatuta proposatzea

  • guraso euskaldunak sentsibilizatzea; euskararen erabilera esparru guztietara eramateak duen garrantziaz jabetzea; gurasoen artean euskaraz hitz egiteko ohiturak haurren erabileran duen eraginaz hausnartzea... 

Ikusten al duzu zuk beste irtenbiderik, aukerarik, proposamenik?



Nork: marije.2009/10/14 09:29:17.833 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Apa Marije: Oso gai polita da proposatzen duzuna. Baina, sarri gertatzen den bezala, galdera ez da zaila, erantzuna da benetan zaila. Nire apaltasunetik ideia batzuk botako dizkizut, aurrez jakinda behin betiko konponbiderik ez dizudala emango: -Niri interesatzen zaidan mailan (norbanakoarena) sartu aurretik, argi dago ikastolak berak eta Guraso Elkarteak ariketa bat egin behar dutela/duzuela hizkuntza irizpideak finkatzeko. Nola jokatuko dugu bi hizkuntzekin ikastetxe honetan, berdintasunean oinarritutako harremanak gauzatu nahi baditugu eta, gainera, geure seme-alaben aurrean eredu izan nahi badugu? -Maila pertsonalean ze jokaera hartu? Arnasa hartu eta lasaitu ostean, zuk parte hartu zenuen bilera horretan, ordu laurden bateko eztabaida litzateke hizkuntza irizpideak finkatuta balaude. Ez zeudenez, modu lasaian, arakatzen jolas bat egin beharko litzateke. Zuk aipatzen dituzun ulertzeko arazoak dituzten horiek zenbaterainoko arazoak dituzten. -Baina, esaterako, informazio nagusia emateko euskarriak (orriak, ppt-ak...) gaztelaniaz jar daitezke eta gero eurei gaztelaniaz egin dezaketela esan lasai, denek ulertzen diezuela esanda. -Euskal hiztunek zer portaera hartzen duten? Zuk zureari begiratu, eta ikastaroan euskaraz hitz egin, denek ulertuko dute eta. -Horren aurrean, euskaldunek jarraitzen badute zure portaera baldintzatu nahian, aldez aurretik prestatu erantzun egoki batzuk momentuan erabilgarri izan daitezkeenak. -Zer gehiago? Ahal dena egin. Baina gogoratu, zure eskutan zer dago? Ikastetxeari hizkuntza irizpiderak finkatzeko eskatu, modu eta bide egokietatik. Eta gero antolatutako saioetan, gaztelaniaz ari badira ere, zuk euskaraz egiteko aukera daukazu eta hizlaria ulertzen duena bada zuk zurea egin. Beharbada, dudako euskal hiztunen bat konturatuko da zure portaeraz. Hortik aurrera zer? Horrek afal ondoko tertulia baterako ematen du. Zerbaitetan lagungarri bazaizu animo!

Nork: I. Usarralde.2009/10/19 16:34:51.177 GMT+2

 Iñaxio, hi beti bezala fin erantzuneta. Hik proposatutakoak, gehiago edo gutxiago aukeran jarri genizkian guraso batzuk baina oztopoak besterik ez hituan denak, besteen irudipenerako: irakasleak ez zian ppta gaztelaniaz jarri eta berak euskaraz hitz egitearen aukera oso gustuko; erdaldunei beraiek lasai hitz egiteko aukera zutela esan zitzaien; dena alperrik, denbora galtze bat da. Guraso euskaldun askoren ahotan daude "total ez da ezer galtzen gaztelaniaz eginda" edo "berdin zait ze hizkuntzetan den" bezalako esaldiak.
Libre dira horrela pentsatzeko baina euskaraz egin nahi dugun euskaldunoi ere, aukera berdina dudan neurrian, eta kasu honetan, ukatu egin digute euskaraz egin nahi dugunoi aukera berdintasuna.
Besarkada bat.

Nork: Marije.2009/10/28 19:45:22.744 GMT+1

Idatzi artikulu bat





Please answer this question to add your comment
Zenbat dira hiru gehi bost? (idatzi zenbakia)