27 Apirila
2004

San Ignuzioren etorrera Bilbora



Richard Stallman ikusi eta entzun nuen atzo, Josulagunen Unibertsitateko
paraninfoan, Deustun. Hitzaldiaz eta galde-erantzunez gain, show-arentzako
tartea ere egon zen, nola ez. Santu-irudiz margotutako paraninfo
jesuitikoan, San Ignazioaren begiradapean, tunika eta aureola atera eta
jantzi zituen, bere ere santua zela adierazteko, San Ignuzio. Irudian
bezala, baina argi izpirik irten barik.

Emacs-eko elizaren fedea erakutsi zigun, santuak bai baina jainkorik ez
duen eliza, eta gure ordenagailuak bedeinkatu zituen. Guk ere badugu santu
izateko aukerarik, baina horretarako, zorrotzak eta puruak izan behar dugu,
eta lehenengo eta behin, exorzismoa egin behar dugu gure ordenagailuetan:
programa pribatibo oro kendu behar dugu gure makinetatik...

Goizean Ciberart-eko ekitaldian egon zen Richard Stallman, GNU sistemaren
sortzaile eta software librearen guru nagusia. Arratsaldez, e-Ghost
Deustuko talde librearen antolakuntza militanteak gonbidatuta, Deustuko
paraninfoan. Han ikusi genuen lagun askok.

Gaztelaniaz mintzatu zen Richard. Software librearen kontzeptura eta
sorkuntzara nolatan eta zergatik iritsi zen kontatu zigun. Bere
"biografian" http://www.oreilly.com/openbook/freedom/ idatzita dauden
datuak dira, Xerox inprimagailuarekin gertatu zitzaiona eta...

Nik apunte batzuk hartu nituen hitzaldian. Horra ideia batzuk:

- Esaten digute lagun bati zerbaiten kopia ematea pirata izatea dela.
Laguntzea eta untziak armaz abordatzea, gauza bera direla. Ez da egia.

- Kolaborazioaren bidez, software modu demokratikoan garatzen da. Ez
bozketa bidez, baina erabakiak erabakien gainean elikatzen dira, eta
azkenean erabaki soziala gailentzen da.

- Softwarearen askatasunez gain, beste askatasun batzuk badaude munduan,
eta ezin dira programatzen defenditu, zeuk defenditu behar dituzu.
Espainian Zapaterok aukera du orain M-11-ren ondoren, askatasun
murrizketarik ez ezarri eta erantzun positiboa eman ahal izateko (noski,
Stallmanek espainol gisa tratatu gintuen Deustuko paraninfoan geundenok,
Massachussetsen gutaz duten ikuspegi geo-politikoaren etorri zen, eta
haretxekin joango zen, diot nik).

- Bere mugimendu eta ideiek, softwaregintzan dute eragina, eta eduki
libreetan beharbada... baina hortik kanpora (galdera egin zion batek, ea
globalizazio politiko-ekonomikoaren aurrean berea iraultza aldarria ote
zen... baina Stallmanek ez zion baietz esan).

- Lehentasuna behar dugu, hemen eta orain, Europako software patenteen
auzian esku hartu.

- Software-ideia patentatzen badira, lan informatikoa mina-zelaia igarotzea
bezala izango da. Ez dugu jakingo, lerro bat idaztean, noiz zapaltzen dugun
ideia bat ala ez.

- Patente informatikoak, ez dira injinerutzakoak bezala. Injinerutzan,
materia fisikoarekin borrokan, urrats bat ematea gauza zaila da, eta osagai
gutxi izaten du aurrerakuntza patentatu batek. Informatikan, softwareak
milaka edo milioka lerro ditu, eta "software ideia" bat egitea erraza da,
lerro pare bateko kontua da, ez da materiaren kontra egin beharreko
aurrerakuntza bat. Gainera, software produktu batean ehundaka ideia egon
daitezke, era horretakoak. Tresna eraginkorragoak egiteko balio dezale
injinerutza fisikoko patenteak, baina patenteek softwarean programa
eraginkorrak galerazi eta zaildu egiten dituzte. Gainera, patente
"fisikoak" enpresak dituzte helburu, eta ez dute erabiltzailearen gainean
errestrikziorik ezartzen: autoak parte patentatu asko ditu, baina tuning
egitea ez zaio inongo erabiltzaileri galerazten. Softwarearekin,
patentearen mugak erabiltzaileari ere ezartzen zaizkio (autoaren adibide
hau ez zuen Richardek esan, baina uste dut balio duela Stallmanek esan
ziguna ikusarazteko).



Bidalketa: moblog (03:17) | Permalink | Erantzunak (0) | Aipuak (trackback) (0)
Comments
There is no comment.
Trackbacks
Hona bidali aipuen trackback erreferentziak:


There is no trackback.
Erantzun