2007/10/31 21:00:03.714 GMT+2

Darfur-eko haur euskalduna

Egun hauetan prentsan besterik ez da entzuten. Haurrak ez direla umezurtzak, Txadekoak direla eta ez Darfurrekoak, ezkutuko adopzioa dela...
Denborak argituko al du kontua! Nik garbi daukat gure lagunek zuten informazioa zinez egiazkoa zela eta horregatik egin zutela gerran dagoen herrialde bateko haur bat etxean aterbetzeko demartxa. Nire babesa eskaini nahi diet hemendik!

Agur,
Iraila hastapenean idatzi genizuen, gure etxean Darfurreko haur umezurtz
bat hartzeko proiektua azalduz, eta laguntza eskatuz.
Arche de Zoe erakundeak 250 haur inguru ekarri nahi zituen frantziako
estatura lehen operazio batean. Operazio hori bihar bururatuko da, dena
ongi baldin badoa. 100 bat haur umezurtz baizik ekartzea ez dute lortu,
hainbat arazo direla medio. Hala ere Arche de Zoek Darfurren bildu
dituen eta ekarri ahal izan ez dituen hainbat haur han artatzeko
konpromisoa hartu du, bederen 2 urtez.
Gaur jakin dugu gure etxera ez dela haurrik etorriko ; eskaera egin
zuten familia anitz kasu hortan dira, Euskal Herriko familia guziek ukan
dugu berri hori.
Gure abentura hortan gelditzen da, beraz. Hala ere kontent gira egin
ahalak egiteagatik haur umezurtz horien laguntzeko. Adi egonen gara
Darfurreko egoerari...
Laguntza eskaini diguten guziak eskertu nahi ditugu, haien berotasunak
eta sustengua beharrezkoak izan ditugu hilabete hauetan.
Ainitzek diruz lagundu nahi izan dute operazio hori. Bada ez bada ere,
eman diguzuen dirua ez dugu oraino igorri, segur izan nahi ginuen ongi
pasatzen zela. Beraz dirua itzultzeko prest gara. Zuekin harremanetan
sartuko gara hortarako.
Laster arte

Aiherran, Nafarroa Beherean, bizi diren lagun batzuk dira Eñaut eta Patrizia. Hiru seme-alaba dituzte, baina bat gehiago izango dira laster. Gutuna zabaldu dute lagunen artean.


Darfurreko haur bat Otamendian

Gutun honen bidez, hartu dugun erabaki baten berri eman nahi dizuegu, eta zuen laguntza eskatu ere.

Aste batzuen buruan, Darfurreko haur umezurtz bat hartuko dugu gure familian : Otamendian 5etik 6 izatera pasako gara.

L'Arche de Zoe gobernuz kanpoko erakundeak Darfurretik 10 000 haur umezurtz ateratzea erabaki du, han ez baitute bizitzeko esperantzarik, azken urteetan bizi duten gerlarengatik. 1 000 haur Frantziako estatura ekarri nahi dituzte, 250 inguru lehen operazio honetan.

Horra zenbait datu, Nazio Batuen bilanetatik hartuak : azken lau urteetan 2 000 000 jende desplazatuak izan dira Darfurren (Sudan), 1 195 hiri edo herri osoki suntsituak, 200 000 pertsona bederen hil dira, eta orotara gatazka horrek 4 000 000 pertsonei eragiten die.

Ondorioz, Lapurdi eta Baxe Nafarroako 5 familia engaiatu gara Darfurreko haur umezurtz bat hartzera, 5 urte petikoa. Arche de Zoe erakundeak eginen duen operazio horren finantzatzeko, familia bakoitzak 1 400 euro ordaindu dugu. Baina azken berrien arabera, dirua eskas da.

Bestalde, haurrak etxean hartuko dituzten familiak kolektibo batean antolatu gara, hainbat arazori aurre egiteko : prozedura administratiboak, abokaten gastuak, osasun gastuak, eta abar. Kolektibo hori COFOD deitzen da (Collectif des Familles pour les Orphelins du Darfour), eta haurrak etorri bezain laster COFODek ditu gauza guziak kudeatuko, Arche de Zoe-ren betebeharra haurrak ekartzera mugatzen baita. COFODek dirua behar du bere beharrei aurre egiteko.

Ulertu duzuen bezala, zuei zuzentzen gara, gure erabakiaz informatzeaz gain, diru-laguntza eskatzeko. Diru-laguntza COFODen izenean egin behar da. Zuen jestuaren eskertzeko, karta postal batzuk inprimatu ditugu, eta berantago emanen dizkizuegu.

Milesker zuen arretarengatik. Milesker ere mezu hau zuen inguruan ahal bezain zabal hedatzeagatik.

Nork: marije.2007/10/31 21:00:03.714 GMT+2
Etiketak: lagunak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Please answer this question to add your comment
Zenbat dira hiru gehi bost? (idatzi zenbakia)