peru ataleko mezuak

2004ko abenduaren 22a, asteazkena

Ondo igaro Gabonak!


Manterola Fernandez familiak gabon zoriontsuak opa dizkizue.


Bidaltzailea: luistxo. Noiz: 18:00 | Erantzunak (0) | Trackback-ak (0)
2004ko abenduaren 19a, igandea

Genbolla

Bideojokoetako indarkeria zentzugabea, bai; baina ordenagailuan.
[peru] 

Gure mutikoak zera eskatu dio Olentzerori:

GENBOLLA
EGASKIN TELEGIDATUA

Ez bata eta ez bestea ez du jasoko. Gameboy-aren kontuarekin, bideojokoen zoramen eta engantxetik ez dugu askatuko mutila, hori segurua da. Horiekin haziko da, telebistarekin haziko den bezala (bigarren kontu honetan, bere gurasoak ere hazi ginen).

Baina bideojokoekin jardutekotan, hartu dugu erabakia: etxean eta ordenagailuan. Ez eskukorik kalera joan eta antxitxika ibili barik apalankatuta egoteko. Ezta konsolarik ere etxerako. Garestiak dira, jokoak kartutxoetan izaten dituzte-eta.

Ordenagailuko joko eta CD-etara ohitu dadila. Akaso informarikaren zera orokorra ere geratuko zaio, edo kopiak egiten ikasiko du, jokoak elkarri pasatzen eta pirateatzen.

Beraz, bideojokoetako indarkeria zentzugabea, bai; baina ordenagailuan.


Bidaltzailea: luistxo. Noiz: 18:00 | Erantzunak (0) | Trackback-ak (0)
2005eko urtarrilaren 12a, asteazkena

Gure haurrek amaren deitura daramate lehena

Manterola-Fernandez gara
[peru] 

FRANTZIAKO Gouzes legea. Urtarrilaren lehenetik familiek haurren abizenen ordena hauta dezakete Ipar Euskal Herrian: amarena jartzea lehenik, aitarena edo biena; hala ere, hamar egunean ez da aldatu historiaren eta ohituren pisua.

Hego Euskal Herrian lehenagotik dago indarrean lege hori. Peru jaio zenean ez ziguten utzi Manterola jartzen mutikoari. Gero etorri zen aldaketa, eta ordena ofiziala aldatu genion Peruri (ofiziala izan aurretik ere, Peru Manterola Fernandez zeritzon, efektu guztietara, guretzat). Lili jaio zenerako, legezkoa zen jada Manterola Fernandez izendatzea. Izatez, haur bat deitura ordena batekin duzunean, ezin dituzu hurrengoak kontrako ordenean jarri.

Berria-n Ipar Euskal Herriko kasua dela-eta, prentsa artikulua idatzi dute ( bat bi ). Marije amatxoren adierazpenak ere bildu dituzte.


Berriako artikuluen testu osoa

Aitaren izenean edo amarenean

FRANTZIAKO Gouzes legea. Urtarrilaren lehenetik familiek haurren abizenen ordena hauta dezakete Ipar Euskal Herrian: amarena jartzea lehenik, aitarena edo biena; hala ere, hamar egunean ez da aldatu historiaren eta ohituren pisua

Aitor Renteria -BAIONA

U

urtarrilaren lehenetik hasita, familiek haurraren deituren ordena erabaki dezakete Ipar Euskal Herrian. Orain artean sortu berriak aitaren deitura hartzen zuen zuzenean eta ezin zuen aldatu. Aitaren abizena soilik erabiltzeko usantza, XII. mendeko lege batean oinarritzen da Frantzian. Iparraldean ohitura hori beranduago sartu bazen ere, denboraren poderioz indartu da joera.

Baina urtarrilaren lehenean Gouzes deritzon legea sartu da indarrean eta, ondorioz, bikoteek haurraren abizena aitarena edo amarena izanen den hauta dezakete. Biena jartzea ere onartzen du legeak, izan dadin aitaren izena lehen, edo amarena.Haurra sortzean, hiru egunetan aitortza egin behar du aitak, amak (normalean ospitalean jarraitzen du) edo familiak eta haurraren abizenak hautatzen ditu. Lege aldaketaren ondorioz, aitortza elkarrekin egiteko aukera daukate aita-amek. Aitak edo amak akta zibilean bi abizen dituenez, bat aukeratu beharko du haurrari emateko. Lehen haurrari ematen zaion deitura bera eman beharko die bikoteak ondoren sortuko diren haurrei.

«Pentsamoldeak ez dira dekretuz aldatzen»

Legeak hori badio ere, errealitatean, aldiz, aldaketak ez dira horren azkar ematen. Baionako Herriko Etxean, demagun, nehork ez du hautatu amaren deitura soila ezartzea haurrari. «Amaren izena jartzeko aitaren adostasuna ere behar da eta pentsamoldeak ez dira dekretuz edo legez aldatzen, denboraren eraginez baizik», dio Baionako Herriko Etxeko Gizarte Gaietarako arduradunak.

Hala ere, genero berdintasunak urrats nabarmena egin duela aitortzen du. «Sortze aitortzetan, gurasoen erdiak aitaren izena soilik erabiltzea hautatu du, baina bertze erdiak aita-amena ezartzea deliberatu du».Gizarte zerbitzuek ez dute aspaldiko ohituren berehalako inarrosaldia bilatzen. Horregatik, Herriko Etxeek 18 hilabeteko epean kudeatuko dituzte iaz sortutako haurren kasuak: «Txandaka hartu nahi ditugu familiak, aldaketarik egin nahi baldin badute, ongi pentsatuta eman dezaten urratsa».Izan ere, behin aukeratutako izena betirako da eta familiak izanen dituen haur guztientzat. Bikotea hautsi ez den kasuetan ez da arazorik izanen. Baina bikotea hautsi bada, ezkonduak badaude, aitaren izena hartuko du haurrak, automatikoki. Ondoren aitorpen berezia egin dezakete, haurrak amaren izena ere har dezan. Ezkongabeen kasuan, aitortza lehenik egiten duen gurasoaren izena hartuko du haurrak. Puntu hau liskar iturri izan daitekeela onartzen dute gizarte zerbitzuek, baina orain artean ez dutela aterabide egokiagorik atzeman diote.Abizenetan eragindako aldaketak dagoeneko sortu diren haurrei ere egokitzen zaie. Haurrak 13 urte baino gehiago baditu, bere onespena adierazi beharko du.

«Ohiturak oso barneratuak daude familietan. Ezkontzen direlarik ere, emazte gehienek beren deitura uzten dute senarrarena hartzeko, beraz, gehienetan haurrari ere aitaren izena uzten diote», diote Baionako Herriko Etxean.Etorkinen kasua berezia da; izan ere, semeari beren izena emanez gero, gizarte eskubideak eskura ditzaketelako.

Beste artikulua

«Niretzat garrantzitsua zen semeak nire abizena izatea»

Lehen abizena amarena duten neska-mutilak badaude Hegoaldean

ASIER ITURRIAGAETXEBARRIA - BILBO

Euskal Herrian aspalditik dago seme-alabei aitaren abizena lehenengo jartzearen ohitura, eta horrela egin behar zela esan dute oraintsu arte Espainiako zein Frantziako legeriek. Frantziako Gobernuak orain gutxi aldatu du abizenen erregistrorako legea, baina Espainiako Gobernuak 1999. urtean aldatzea erabaki zuen. Beraz, Hegoaldean badira amaren abizena lehenengo duten umeak.

Horietako bat da Peru Manterola Fernandez. Bere guraso Marijek eta Luisek umea jaio bezain laster 1999ko apirilean ahalegindu ziren beren semeari amaren abizena jartzen, baina legea oraindik aldatu gabe zegoenez, ekainera arte itxaron behar izan zuten. Erabakia bien artean hartutakoa izan arren, Marijek gogo berezia zuen semeari bere abizena jartzeko: «Zergatik aitarena eta ez amarena?, galdetu genion elkarri. Niretzat oso garrantzitsua zen Peruk amaren abizena ere izatea» . Baina beste arrazoi batzuk baziren. Esaterako, Fernandez abizena oso zabaldua zegoela eta, batez ere, Manterola abizena mantentzea: «Gure familian guztiok gara neskak, eta Peruri nire abizena jarrita, mantentzea lortu dugu», zehaztu du Marijek.

Hain zuzen, Manterola aitonak hartu zuen ondoen erabakia. Luisen familian ere ez zen trabarik egon. Dena den, Marijeren ama izan zen hasieran zalantza gehien agertu zituena: «Besteek egiten ez zutena guk zergatik egin behar genuen esaten zigun; zalantza handiak izan zituen», azaldu du Marijek.Antzeko zerbait gertatu zitzaien Martin Pardo Basaberen (urte 2 ditu) gurasoei. «Diana eta biok ezkondu barik gaudenez, nik semea onartzen nuen edo ez zalantza zeukan Dianaren amak, eta nik abizenak emango nizkion jakin nahi izan zuen. Ondo azaldu behar izan genion egin nahi genuena», azaldu du Mikelek, Martinen aitak.

Diana haurdun zela erabaki zuen bikoteak zer egingo zuten: «Mutila bazen Martin izena jarriko geniola eta amaren abizena edukiko zuela, eta, neska jaioz gero, June Basabe Pardo izango zela erabaki genuen», agertu du Mikelek. Bestela, familian ez dutela bestelako arazorik izan aitortu du, beste lehengusina batek ere bere abizena (Basabe) jarri ziolako bere semeari.Marijek eta Mikelek agertu dutenez, ez dute bestelako arazorik izan, baina gaizki-ulerturen bat edo beste izan dute. «Osakidetzan kosta zitzaigun Peruren abizenak ondo jartzea, baina hasieran Fernandez jarri behar izan geniolako izan daiteke hori», esan du Marijek. «Badakit azalpen bat baino gehiago eman beharko ditugula etorkizunean», azpimarratu du Mikelek.



Bidaltzailea: luistxo. Noiz: 02:00 | Erantzunak (0) | Trackback-ak (0)