lili ataleko mezuak

2005eko urtarrilaren 13a, osteguna

Liliren haurtzaindegia, Tilin-Talan, albisteetan

[lili] 

Ostegun honetan, urtarrilak 13, ETB 1eko Bertatik Bertara saioan, Tilin-Talan haurtzaindegiaren gaineko programa egongo da.

Igandean, Berria egunkarian ere azaldu zen ( bat bi )

Gure alaba Lili han egoten da, goizetan, Tilin-Talan-en. Webcam-a daukalako egin da ezaguna haurtzaindegi hau. Webgunea ere badute, erdaraz oraingoz, baina uste dut joango direla euskaratzen. Webcamarena anekdotikoa iruditzen zait niri, marketing neurri azkarra. Umearen webcam bidezko argazki bat atera nuenduela hilabete pare bat, komentario ironiko bat uzteko neure blog pertsonalean...

Tratuan oso jatorrak dira, haurtzaindegia ondo antolatua daukate, eta Internet erabiltzen dute, mezuak jaso eta bidaltzeko, edo gurasoei haur bakoitzaren argazkiak helarazteko. Horiek dira Tilin-Talanen alde onak.


Berriako artikuluen testu osoa

Gurasoen begiradapean

webcam-ak haurtzaindegian. Donostiako haurtzaindegi batean kamerak jarri dituzte; era horretara, gurasoek euren haurra une oro zer egiten ari den ikus dezakete zuzenean Internet bidez.

agurtzane solaberrieta - DONOSTIA

onostiako Tilin Talan haurtzaindegia berezia da. Ingurukoetatik bereizteko, elementu berri bat jarri dute: webcama. Haurtzaindegian instalatuta dituzten kameren bitartez, gurasoek euren haurra zer egiten ari den ikus dezakete haurtzaindegiaren web orrian. Itziar Goenagak bertan lan egiten du. Proiektuaren inguruan mintzatu da: «Haurtzaindegia uztailaren hasieran ireki zuten. Zerbait berria egin nahi zuten, inguru honetako haurtzaindegietatik bereiziko gintuen zerbait izan zedin. Eta, hala, webcamak jartzea erabaki zuten». Guraso bakoitzak pasa-hitza edo kode bat du. Haurtzaindegian egiten dena ikusteko eskubidea gurasoek dute soilik, edo beraiek baimendutako edozeinek.

Konpetentzia arrazoiez gainera, sarritan gurasoek izaten duten «mesfidantzaz» ere hitz egin du Itziarrek. «Gurasoek haurra hona ekartzen dute, baina ez dakite haurra nola zaintzen duten ezta haurrak une oro zer egiten duen ere. Batzuek izan dezaketen mesfidantza horri aurre egiteko, webcamak jartzea interesgarria izan zitekeela pentsatu zuten». Haurtzaindegian egiten den lanak «gardena» izan behar duela uste dute arduradunek, eta hori webcamaren bidez lor daitekeela diote. «Haurtzaindegian ere, pareta izan ordez, beira dugu lokal osoan, eta kalekoek barruan egiten ari garena ikus dezakete», gaineratu du Itziarrek.

Gurasoei orokorrean egitasmoa ondo iruditzen zaiela dio. Egitasmoak gurasoen artean ez du eztabaidarik sortu, izan ere, haurra hara eramaterako, bazekiten kamerak jarrita zeudela.

Konfiantza hezitzaileengan

Aitziber Artetxe eta Monserrat Viñas gurasoek webcamaren egitasmoa gustuko dute. Aitziber Artetxeri ideia gustatzen zaio, baina bertan lan egiten duten hezitzaileengan «konfiantza osoa» duela azpimarratu nahi izan du. Berak ez du zalantzan jartzen hezitzaileen lana. «Haientzat ez du izan behar oso erosoa. Lanean ari dira eta beti kezkatuta edo arduratuta egongo direla pentsatzen dut. Agian gurasoek ikusten banaute eta gaizki iruditzen bazaie.... Buruan hori izan behar dutela iruditzen zait».

Itziarrek, baina, kamerek ez diotela eragiten nabarmendu du. Bere irudiko, kamerekin euren lana ez da zalantzan jartzen: «Bideo kamerak hor egon edo ez, bakoitzak badaki zein den bere lana eta momentu bakoitzean zer egin edo nola jokatu behar duen». Orain artean gurasoak ez dira hezitzaileen lanaz kexatu. Komentarioren bat edo beste egiten dutela dio Itziarrek, baina inork ez du errietarik eman. Gurasoek webcama erabiltzeko ohitura badutela aipatu dute; batzuek besteek baino gehiago. Aitziber Artetxek oso gutxitan ikusten du Unax semea kamera bidez, bera lanean dagoelako eta han ez duelako interneten sartzeko aukerarik. Aitak, ordea, noizbehinka ikusten duela aitortu du, eta haurra zer egiten ari den eta zer ikasten ari den ikustea «polita» dela dio. «Webcama baliagarria izan daiteke, esaterako, haurrak haurtzaindegian zerbait ikasi badu eta ikasitako hori gero etxean gurekin lantzeko eta horri jarraipena emateko; esate baterako, marrazki bat edo abesti bat». Bere irudiko, gurasoentzat oso berezia da 3 urte arteko etapa: «Umea atal asko jorratzen hasten da, eta gurasoek hori bizi nahi dute».

Aitziber Artetxek ez bezala, Montserrat Viñasek webcama erabiltzeko ohitura handia duela aitortu du. «Ni askotan konektatzen naiz. Egitasmoa oso interesgarria da. Lanean nagoenean nire alaba zer egiten ari den ikustea gustatzen zait, edo etxekoren bat kanpora joan bada, haurra ikusteko aukera izatea, hori ona da». Webcamak, gainera, segurtasuna ematen diola gaineratu du: «Adin horretan beti duzu beldurra zerbait gertatuko ote zaion edo ez. Ni lasaiago nago».

Hiru urte bitarteko tartean webcamak jartzea egoki ikusten badute ere, hezkuntzako beste mailetan ez lukete eredu hori bultzatuko. Aitziber Artetxek Hondarribian gertatutakoa (14 urteko gazte batek bere buruaz beste egin zuen, ustez ikaskideen erasoen ondorioz) ekarri du gogora. «Guraso askok egiten duten galdera da: eta nola gertatu da hori?». Hala ere, aitortu du webcamak jarrita ez litzatekeela arazoa konponduko, arazoa, bere esanetan, «askoz sakonagoa» delako. Viñasen irudiko, eskoletan ezin dira kamerak jarri, gaztetxo batentzat kontrol gehiegi izango litzatekeelako eta askatasuna mugatuko litzaiokeelako.

Beste artikulua

Izaskun madariaga x pedagogoa

«Gurasoen eta haur eskolen arteko harremana beste bide batzuk erabiliz landu behar da»

  1. s. - DONOSTIA

Izaskun Madariagak 28 urte daramatza haur eskolen eremuan lanean. Ondo ezagutzen du 0-3 zikloa eta haurtzaindegietan webcama jartzeari buruzko iritzi kritikoa du.

Zer iruditzen zaizu haurtzaindegi batean webcama jartzea?

Pertsona bat egun osoan kontrolatzeko eskubiderik ez dago. Horrek ondorioak ekar ditzake pertsonarengan. Pentsatze hutsarekin norbait dagoela une oro zu aztertzen eta zu ikusten, presio izugarria izan behar du. Hezitzaileak bere irizpide pedagogikoen arabera jokatzeko lasaitasun falta izango du, gurasoak hor daudelako begira eta guraso bakoitzak bere irizpideak dituelako. Webcamak arazoen iturburu izan daitezke, finean gurasoek une batean hezitzailearen interbentzioa ulertu ez dutelako eta ados ez daudelako.

Hezitzaile batek esan zigun kamerek ez diotela eragiten bere lanean.

Kamerak hor egoteak ez du esan nahi ezberdin jokatuko duzunik, baina seguru nago bere lana mugatuko dutela. Niri ikaragarria iruditzen zait. Pertsonak intimitaterako eskubidea du. Eskubide asko urratzen dira; pertsona bezala ditugunak, profesional gisa eta eskola eredu bezala ditugunak. Eredu tamalgarria bultzatzen da: eredu amerikarra.

Guraso batek segurtasuna ere aipatu du. Bera lasaiago dagoela dio.

Mesfidantza handia du. Haurtzaindegiaren eta gurasoen arteko harremana beste bitarteko batzuen bitartez landu behar da. Konfiantza jorratu egin behar da, eta haur eskolaren helburua hori izan behar du, hau da, gurasoen eta hezitzaileen arteko konplizitatea lortzea. Hori da gakoa.

Badirudi gaur egun libre dela kamerak jartzea. Araututa al dago?

Ez dakit hori arautzen duen legerik bat ote dagoen. Intimitaterako eskubidea hor dago. Kalean ere jartzen dizkigute kamerak.

Arautu gabe egonik, haur eskolan hasten dena beste maila batzuetara ere pasa liteke geroan?

Nik ez dut onartzen ez haur eskolan ezta beste etapetan ere. Atentzioa ematen didana zera da, zergatik haur eskolan bai eta besteetan ez? Baina, honetan guztian kezkagarriena da ze eredu bultzatu nahi dugun eta zerekin egin nahi dugun konpetentzia gaurko egunean. Batzuek, tamalez, pentsatzen dute horrek kalitatea ematen diola zentroari. Haur eskolen kalitatea neurtzen denean, inoiz ez dira halako parametroak hartzen kontuan. Neurtzen dena da irakaslearen eta haurraren artean sortzen den harremana; eta kamera batek ez du enpatia hori erakusten.

Beste inon ezarri dute sistema hori Euskal Herrian edo hemendik kanpo?

Europako herrialde askotako haur eskolak ezagutzen ditut. Eta inon ez dago halakorik, ezta burutik pasatu ere. Euskal Herrian ere ez dut uste dagoenik.



Bidaltzailea: luistxo. Noiz: 03:58 | Erantzunak (0) | Trackback-ak (0)