Berrian argitaratu zen atzo artikulu hau. Katalan batek euskararen diagnosi azkarra egiten du bertan. Bat nator dioenarekin.
Aukeratu dudan izenbururekin ordea ze lotura du artikuluak? Buruan darabilkit belaunaldi galduaren ideia. Inguruan bizi dudanak hori erakusten dit. Ikastolako guraso-lagun artean nahikoa da batek euskara ez jakitea beste guztiok ia erabat gaztelaniaz komunikatzeko. Nire ustez euskara hitz egiten ez duten horiek ulermen maila nahikoa badute euskarazko elkarrizketak jarraitzeko (%70ean gutxienez), eta nik taldean euskaraz egiteko joera izan dut beti. Arik eta aita batek gaztelaniaz hitz egitera ia derrigortu ninduen arte. Barkamena eskatu zidan esandakoagatik baina agerian gelditu ziren bi kontu:
1. Gaztelaniaz bezain eroso ez dela sentitzen eta baztertua izateko beldurra.2. Euskaldunok egoera horietan burua makurtzeko dugun joera (taldearen jokabidea).
Beraz, euskaldunok gure jarrerak aldatu, eraldatu, egokitzen ez ditugun bitartean, oso eroso sentituko dira gure belaunaldiko erdaldunak.
Eta haurrek eta gazteek inguruan ikusten dutena imitatzen dute. Nolako ereduak halako ondorengoak.
Hau da artikulua:
«Integratzeko euskara behar dela transmititu behar zaio jendeari»
xavier vila Xarxa Cruscat katalana aztertzeko zentroko zuzendaria
Euskara kodetzen eta hizkuntzaren sistema garatzen eredu dira euskaldunak Xavier Vilaren ustez, baina euskara lagunartekotzea falta dela uste du.
Xarxa Cruscat katalana azterketzeko zentroko zuzendaria da Xavier Vila eta soziolinguistika irakaslea. Donostian izan da Soziolinguistikako Klusterraren I. Jardunaldietan, hezkuntza sisteman katalana sustatzeko aukerei eta mugei buruz mintzatzeko. Katalanarekin izandako esperientziak euskara indartzeko nola aplika daitezkeen argitzeko zantzu batzuk eman ditu.
Katalana sustatzeaz mintzatu zara. Nola susta daiteke?
Hezkuntza eta hizkuntza politiken legitimazioen arazoaz ohartarazi nahi izan dut. Askeak garela pentsatzea gustatzen zaigu, eta gobernuak zerbait egitera behartzea ez zaigu gustatzen. Ezagutza bultzatu eta katalana lagunarteko bihurtzea bilatu behar da. Lagunarteko testuinguruak jarri behar ditugu martxan: pertsonen arteko harremanak sustatu, hizkuntzaren presentzia indartu, eta berdinen arteko irakaskuntza eta ikasketa bermatu. Ez naiz hizkuntza hizkuntzaren truke indartzeaz ari, berdintasunaren alde ari naiz, ikastea bermatzeaz ari naiz. Gizartearen zati batek bi hizkuntza lagunartean erabiltzea eta beste batek bakarra menperatzea ez zait egokia iruditzen.
Hori katalanari dagokionez. Nola ikusten duzu euskara?
Zenbait gauzatan eredu izan zarete: hizkuntza kodetu eta hizkuntzaren sistema garatu duzue oso denbora laburrean. Garrantzitsua da hizkuntza indartzea hezkuntza sisteman, eta nik ez dut gauza negatibo moduan ikusten. Ezagutza jende askori zabaldu diozue, baina euskara lagunartekotzea falta zaizue. Ezin dugu ametsik egin, baina aurrera egin daitekeela ziur egon.
Lagunartekotzea da gakoa, beraz. Zer egin dezake eskolak horretarako eta zein muga ditu?
Eredu linguistikoa politizatzea akats handia da eta hori egiten dute alderdi politikoek gehienetan. Ikastetxeei dagokionean, ahozkotasuna landu beharko lukete, bai ikasgelan eta baita ikasleen artean ere. Nola argudiatu, eztabaidatu, azaldu eta baita nola mugak hautsi ere erakutsi behar du. Muga batekin noski. Horrez gain, ikastetxeen eta ekoizpen kulturalaren arteko aliantza estrategikoa egin beharko litzateke. Ikastetxeetan ez dituzte baliatzen dauden baliabide kulturalak, eta ekoizleek hartzaileengana heltzeko zailtasunak dituzte. Esaterako: ikasgelan ordenagailuarekin lanean gaude, eta Interneterako sarrerako webgunea Google daukagu, baina gazteleraz. Euskaraz eta katalanez badago, eta hori bada indartu nahi dugun hizkuntza... Xehetasun txiki bat da, baina berdina geratzen da musikarekin, eta, orokorrean, ekoizpen kulturalarekin.
Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Ereduen Dekretua egin du. Dekretua aplikatuta, A eta B ereduak desagertu eta D eredua izango litzateke nagusi, hots, euskarazko eredua. Neurri egokia deritzozu?
Eredu ezberdinak izateak tentsioa txikiagoa izatea ahalbidetuko luke. Malgua izan behar da eta arazoa nola konpondu aztertu. Hori bai, mundu guztiak daki ezin dela hizkuntza bat ikasi erabiltzen ez bada. Maila altuagoa eskatuz aurrerapausoa egingo zenukete agian, baina ikastetxeek erabaki dezatela nola. Egokia da autonomia kasu konplikatuenetan . Txorakeria dena zera da, Irlandara ingelesa ikastera joan eta euskara ikasteko aukerak ez baliatzea.
Nafarroan ingelesa eta gaztelera uztartuko dituen eredu bat ezarri nahi dute.
Hiru hizkuntzatako sistemak badaude munduan eta ondo funtzionatzen dute. Baina jakin egin behar da hizkuntza bakoitzari emango zaion garrantzia zein izango den. Beldurra ematen didana zera da, hizkuntza historikoari min egiteko kanpokoa erabiltzea. Gutxi ezagutzen dut Nafarroako kasua, baina dakidanagatik, kezkatzeko modukoa da. Balear uharteetan hiru hizkuntzako sistema ezartzen saiatu ziren duela bi urte: ordu kopuru berdina eman nahi zuten hiru hizkuntzatan. Modu horretan katalanaren presentzia txikitu egin nahi zuten.
Immigrazioak nolako eragina du gutxiagotutako hizkuntzatan?
Immigrazioaren eragina ezberdina da tokien eta jatorrien arabera. Katalunian, esaterako, katalanez hitz egiten den tokietan katalanez integratzen dira. Beste kasuetan gazteleraz integratzen dira eta horiek dira gehiengoa.
Hizkuntzak sustatzen lagun dezake immigrazioak?
Immigrazioak lagundu egin digu hizkuntza zabaltzeko egindako ahaleginak legitimatzen. Jakin dugu transmititzen integratzeko katalana ezinbestekoa dela. Zuek oraindik ez zarete puntu horretara iritsi. Integratzeko euskara beharrezkoa dela transmititu behar diozue jendeari. Urte batzuetan lortu dezakezue, euskara gehiago zabaltzen duzuenean. Bestela, euskara bigarren mailako hizkuntza bihur daiteke eta immigrazioak ere horretan lagunduko du: atzerapausoa litzateke.
Zuk nola ikusten duzu, atzerapausoa izango da edo lortuko da euskara integraziorako ezinbesteko tresna izatea ?
Oraingoz immigrazio gutxi duzue, eta gehiena latinoamerikarra. Diru gehiago gastatu behar da integra daitezen, eta euskara bigarren mailakoa bihurtzea saihestu behar duzue. Hori bada eskema, bi komunitate linguistiko egongo dira eta euskara ahuldu egingo da.
Nola saihestu daiteke euskara ahultzea?
Berdintasuna bermatzeko euskara jakitea beharrezkoa dela transmititu behar duzue. Denei jakinarazi behar diezue hizkuntza kapitala dela, eta gizarte guztiarentzat onurak ekarriko dituela.
############
Informazio gehiago: www.slcat.blogspot. com webgunean
############
Idatzi artikulu bat