2022/06/14 17:07:01.945 GMT+2

Nire menua, Klaudia Iribar Salegi

Liburuxka bera hemendik ikusi ahal izango da laster.

Liburuxkan sartu ditugun bideoen loturak hemendik ere ikusi daitezke:

Lau bideo daude ikusgai Youtuben:

1. Ahotsak ekimenak 2008ko apirilean egindako grabaketa:




2. Antxoa Eguneko sari-jasotzeko argazkiak, 2018:

Klaudia Iribar Salegi, Antxua Eguna 2018





3. Gastroandere Omenaldiko argazkiak 2019:

Gastroandere Omenaldi Handia 2019





4. Solasaldia etxekoekin 2020ko otsaila; gaixo zegoela egindako grabaketa:

Klaudia Iribar Salegi 2020-2



Hil ondorengo egunean Euskadi Irratiko Faktoria saioan omenaldi berezia egin zioten amari, nire ahizpa Pilik parte hartzen duen Sukalde Dema saioan. Hemen entzungai:



Nork: marije.2022/06/14 17:07:01.945 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2020/05/05 19:17:06.436 GMT+2

Klaudia Iribar Salegi, ama, zendu da

2020ko martxoaren 9an joan zaigu ama. Bost aste pasa zien minbizi-diagnosia jakin zuenetik, genuenetik. Otsailaren 1ean jakinarazi zigun, Artetxe medikuak, TAKak argitara ekarria zein mingarria zen. Mina, hori izan da, amak azken 16 hilabetean barnean zuena baina otsailera arte argitu ez dena. Ondoeza eta tristurarekin hasi zen, heriok bisita egin izan balio bezala, argaltzen eta indarra galtzen hasi zen. Emakume indartsua, lanerako sortua, arduratsua eta besteei emana izan da gure ama. Bere burua bapatean, hain zahartuta ikusteak negargurea sortzen zion. Ez zen kexatzen denetakoa, ezta besteei lana ematearen aldekoa. Bakardadean burutazio asko izango zituen. Lehenengo oinazealdian, ahizpa eta biak ikaratu egin ginen. Bazihoala iruditu zitzaigun, isil-isilik, bazihoala. Baina bi egun besterik ez ziren izan. Indarrak berreskuratu zituen. Baina tristura, barneko tristura sumatzen zitzaion eta ea psikologo batekin hitz egin nahi zuen galdetu nion, erantzuna ezezkoa izango zelakoan. Ba, baietz esan zidan eta gainera ezezaguna izan zedin nahi zuela. Halaxe iritsi zen Zarauzko Osasun-etxeko Maite Aldabaldetrekurengana, psikiatra bera. Bakarrik joan nahi izan zuen eta

Nork: marije.2020/05/05 19:17:06.436 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2020/04/21 16:17:48.813 GMT+2

Mari Luz Esteba: Andrezaharraren manifestua eta Amaren heriotzak libreago egin ninduen

Mari Luz Esteban-en bi liburutan (Pamielan argitaratuak, biak) jasotako aipuak gorde nahi ditut hemen.

ANDREZAHARRAREN MANIFESTUA 2019

"Bat naiz eta askotarikoa, iragana eta oraina, etorkizunola. Zahar izateari heldu ziren emakume libre, borrokalari, inkonformista guztien fusioa eta mutazioa, horien guztien ondorengoa. Beraien indarra, bakantasuna, mina elikagai."

"Gogoan ditut izan direnak, direnak, izango direnak. Neurekin doaz."

"Legeek ere definitzen dute ezkongabea ez duenetik duenetik bainoago. Baina ni ez naiz, ez, ezkondu ez den neskazahar heldua, ez dut zerikusirik umeez erditzearekin, larrutan inoiz egin izanarekin. Izaki sexuala naiz, edozein izanda tasun horren jardun praktikoa. Ezin hobeto ezagutzen ditut bikotean bizitzearen arriskuak."

"Sentibera naiz, gupidagabe naizen neurri berean. Neure egia sortzeko aurkitu dudan bidezidorrik laburrena. Maite ditudan eta ez ditudanekin konprometitzeko prest. Badakit maitasuna ehuntzekotan, zulo-puntuak dituena." 44.orr.

"Baina min guztiak ez dira fisikoak eta bizitzaren saminak hor dira pilatuta, iragan eta orain baten zentinelarik krudelenak. Neure egiten ditut, bizimina ikasbide. Nire bizi-eskarmentuaren puskekin, onak zein txarrak, collage erraldoi bat egin nahi dut." 48.orr.

"Baina zahartzea dbada ere arrotzerria, nor bere gorputzaren ezezagun, nor bere gorputzaren aurkari ere izateraino. Ezintasunak kezka. Barre egiteko aukera irtenbide bakar."

"Eta lotsa. Lotsa hor beti. Txikitatik inposaturiko eme-lotsak moldekatu du neure identitatea."

"Hemen naiz!
Begira nazazu! Entzun nazazu! Usain nazazu! Uki nazazu!
Hemen naiz!
Alaiki, oldarrez.
Izan ala ez!
Izan!"

"Eta beti-bezala nagoela dioenari erantzungo diot ezetz, ez naizela honaino heldu beti-bezala irauteko, azalaren zimurretan, haragiaren biguntasunetan, erraietako isurietan, hezurretako minetan irarria dudala neure memoria, neure izana, neure etorkizuna." 49. orr.

"Adio esaten ikastea ere bada nire eguneroko ariketa." 51. orr.

"Jabeturik nago adinaren eta denboraren zamaz, heriotzaren gertutasunaz. Denbora luzatu eta laburtu egingo bailitzan. Dudarik ez dut, iraungitze-data hurbil dut. Neure espazioan eroso sentitzeko azken aukera, neure beldurrekin, neure oinazeekin."

"Garaiz hiltzearen artea jorratzen ikasi eta topa dezagun bizitzaren alde." 53. orr.

AMAREN HERIOTZAK LIBREAGO EGIN NINDUEN 2013

"Amorrua naiz, haserrea, tristura
munduari begira zegoen ume triste hura
pozik nagoenean ere
nostalgia dut babesleku." 18. orr.

"BAINA
aitor dut
amaren heriotzak askeago egin ninduen
berrasmatu ahal izateko ibilbide propioa
besterik ote bizitza?
saminaren saminenean
oi paradoxaren barne-indarra!
bigarren aldiz jaiotzeko ahalbidea
oparitu zidan." 42. orr.

"SUMINDURARIK sutsuena ere
sortu zen behin maitasunetik
ez nekien noraino naizen haserre hori
noraino amorru hori." 107.orr.

"UMEAROAN amaren ausentzia baretu ohi zidan
malenkoniak
euriaren usainak dauka
nire ilunabarrean aritzea nahiko nukeen
euriaren usain bera." 125. orr.

Nork: marije.2020/04/21 16:17:48.813 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2019/08/18 20:17:19.633 GMT+2

Islandia txundigarria

Abentura itzela izan da.

Joan aurretik hasi zen abentura: gutxi eta oso gutxi edo batere ezagutzen ez genuen jendearekin autokarabanan egin behar genituen 12 egun. Arranopola! Hori da ausardia hori!

Ba bai. Data iristen zihoan neurrian, kezka batzuk banituen hartutako erabakiaz. Sei lagun autokarabana txiki batean, lo, jatorduak egin, kilometro andana ring-road ia zeharkatuz - 3.000 kilometro inguru, 1.332 ditu ring-road-ek -. Pelikula farregarria edo drama bat izan zitekeen.

Ba oso ondo atera da. Ezin ukatu momentu kritikoak egon direnak baina farre eta algara eta antolaketa txukuna gailendu dira, ez izan zalantzarik.

Islandia miresgarria, izugarria, txundigarria, ederra, harrigarria, ezustekoz betea begitandu zait. Ze ederra den Artikotik hain hurbil dagoen lurralde zuri, berde, marroi, beltz eta urdina. Kontrastez betea, animaliz josia, jendez hustua, hur beroz goxatua. 14 egun egin ditugu guztira eta landa-guneak aztoratu nau, ezin pentsa ahala erakarri nau, ahozabalik utzi nau.

Zaila egin zait bertako leku-izenak ikastea, ezinezkoa egia esan. Skeiðarársandur glaziar handia, Dettifoss ur-jauzi ikaragarria, Husavik-ek ikusitako baleak, Kraflan Viti – infernoa – kraterra eta Leirhnjukur laba eta Energia-fabrika, Hverir-en lurrazpiko fumarolak eta lokatsa irakiten, Grjotagjako kobazuloa “Game of thrones”en azaldutakoa, Mývatn lakuari begira ur geothermal beroak eta gezurrezko kraterrak, Snæfellsjökull parke babestua, vikingoen museoa, Asbyrgi kainoa, Strokkur Geyserra, Gullfoss ur-jauzia, Eiriksstadirreko vikingoen etxea eta aztarnak etab.

Eta animaliak bere habitatean ikusi eta gozatu ditugu: lanperna-muxu hegaldi azkarrean, itsas-enara pinpirin eta kume-babesle erasokorrak, txibarta tripa erakuslea, mika-balea, sasi izurdeak, itsas-txakurrak eta itsas- elefanteak.

Berezia izan da gaurik ez izatea. Lau orduko iluntzea besterik ez dugu izan, hamabietatik lauetara edo. Gainontzekoa egun argia izan dugu. Eguraldia ere lagun izan dugunez, eguneko 16-17 ordutan esna egon gara eta etekin handia atera diogu bidaiari, bereziki autokarabanan ibili garen egunetan. Euria eta haize bortitza bi egunetan bakarrean izan genituen, lehen bietan; hori bai, haizea korapilo askokoa izan zen gauean beldurra pasa nuen.

Bidaiaren ardatzetako bat “Woman at war” filma (Mendiko emakumea) izan da. Azken gauean ikusi genuen elkarrekin. Hori da hori indarra, ausardia eta konpromisoa naturarekin. Etxean ikusi dut “Horses and Men” (Zaldi eta gizakien inguruan) filma. Biak ala biak zuzendari berdinarenak dira eta ederrak izateaz gain, oso iradokitzaileak dira. Islandiaren izaera ezin hobeto jasotzen dute. Islandia bera dira.

2019ko uztailaren 25ean iritsi ginen Islandiara eta abuztuaren 8an utzi genuen.

Uztailak 25, 1. eguna: Keflavkik, Vikingoen museoa.

26, 2. eguna: fumarolak, ezkontza, Geyser Hierardedy. Jeitsiera errepidean lo, kanpin librea.

27, 3. eguna: eliz polit baten alboan gelditu eta pribatua zelakoan, bidali gintuzten; errepidean kanpin librea.

28, 4. eguna: Vic, euria, kanpina, mobilaren bila ia hiru orduko bidean atzera.

29, 5. eguna: Hofn. Kanping librea itsas ertzean, haizea eta euria, beldurgarri. Goizean Vestrahorn, Viking ostatuan gosaria eta pelikularako herria vikingoa. Iparamerikarren zona militarra.

30, 6. Gufufoss urjauziari begira lo, kanpin librean, Seyidossfordur alboan. Fiordoa, tailerra...

31, 7. Thorshofn, kanpin txikia, kobratzeko arazoak. Abuztuak 1, 8. eguna: Dettifoss urjauziaren alboan, parking borobilean, desertuan.

2, 9. eguna: Laugar, kanpin kristaua. Husavikeko bidean (baleak ikustera goaz bihar).

3, 10. eguna: Hjaltery: arenkeen erreinu-ohia; auzo-festa:suak, bainua, festa, parrila, arenke fabrika zaharra erakusketa leku; bainera beroa eta bainua Artikoan. Kanpin librea.

4, 11. eguna: itsas-txakurrak,itsas-enarak... Hvmmastdeiko kanpinean.

5 , 12. eguna: Sumendia, glaziarra, Hellisandur parke-naturala.

6, 13. eguna:

7, 14. eguna: Kefliavik-en lo egin eta goizean goiz etxeruntz abiatu ginen.

Nork: marije.2019/08/18 20:17:19.633 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2019/04/04 10:34:35.321 GMT+2

Ama, Klaudia Iribar Salegi omendu dute Gastroandere Omenaldi Handian

Beste 22 emakumerekin batera omendu dute gure ama baina 8.000 emakume edo gehiago ere omendu daitezkeela adierazi dute antolatzaileek.

2019ko martxoaren 27an egin da Omenaldia Donostiako Udaletxean lehenik eta Gastronomia Elkartean (Elbira Zipitria bidean, Urgulleko igoeran).

Ekitaldi hunkigarria izan da. Hemen omenduak eta egitaraua:





Nork: marije.2019/04/04 10:34:35.321 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2019/02/03 14:22:50.810 GMT+1

NAIZEN Elkartea sortu da (2019_01_26)

Ekitaldia zoragarri atera da. Familiok eta gainerakoek ere gozatu egin dugu. Komunikabideek ohiartzun handia eman diote NAIZEN-en sorrerari. Einarr eta Chloe ETB2an agertu dira.

Nork: marije.2019/02/03 14:22:50.810 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2018/12/18 11:11:08.573 GMT+1

Elkanoren ereserkia

Elkanoren ereserkia edota Getarikoa.

Interneten bila ibili eta aurkitu ez dudanez, hemen jartzea erabaki dut.

Aspaldikoa da aurkitu dudan letra. Oker ez banago, eguneratuta dago. Ea aurkitzen dudan letra egokitua. Momentuz hona hemen gure ereserkia: "Gora Elkano"

Gora Elkano!

Getariar gizon sendoa,

izan ziñan ba

ludi guziya

biratu zuben lenengoa.

Zure ibilteak

iriki zuten

gizakiarentzat itsasoa

erakutsirik

ondorengoei

zein andi zendun gogoa.

Gora ta gora,

gora betiko

Getariako seme zintzoa!



Nork: marije.2018/12/18 11:11:08.573 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2018/11/12 13:33:40.021 GMT+1

Dibertsitate xexualaz Mikele Grande

Mikele Grande Oronoz nafarrak 2017an egin zuen TED ekitaldian bere bizipenen aurkezpena. 17 urte zituen.

Nork: marije.2018/11/12 13:33:40.021 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2018/10/29 10:53:05.676 GMT+1

Esker onez

Lore oro da goxoagoa ihintza badu eta eguzki izpia eta mundua da distiratsuago baldin badu zure moduko jendearen bizia. Eskerrik asko ama, amona.

Nork: marije.2018/10/29 10:53:05.676 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2018/10/25 12:24:03.917 GMT+2

Klaudia Iribar Salegi, amari omenaldia

Klaudia Iribar Salegi (gure ama), Iribar jatetxeko etxekoandrea, omendu zuten Antxua Egunean, Getarian, 2018ko maiatzaren 4ean (ostirala).

Ekitaldian ateratako argazkiekin osatu dugu bideo hau.



Prentsan ere agertu zen:

Diario de Gipuzkoa Ane Roteta (kazetaria) Osteguna, 2018ko maiatzaren 29an.

CLAUDIA IRIBAR LAU HAMARKADETAN IRIBAR JATETXEAREN ARDURA ERAMAN DUEN GETARIARRA “Hemen jaio eta bizi izan naiz beti. Iribar nire bizitza da eta milaka oroitzapen ditut” Zilarrezko Antxua jaso zuen Claudia Iribarrek (Getaria, 1934) Antxua Egunean. Iribar jatetxearen bilakaera guztia bizi izan du eta lanbide honek dena eman diola dio.

GETARIA- Nola jaso zenuen Zilarrezko Antxuaren aipamena?

-Oso pozgarria izan zen eta oso gustura jaso nuen albistea. Ni baino zaharragoak ziren beste batzuk ere jaso zuten aipamena lehenago eta adinean aurrera noanez, oraingoan niri tokatu zait. Saria jaso nuenean, familia guztiaz oroitu nintzen eta haientzat ere izan da saria.

Noiz eta nola hasi zinen Iribar jatetxean lanean?

-Ni hemen jaiotakoa naiz eta nire gurasoek zabaldu zuten Iribar, 30. hamarkada inguruan, ezkondu zirenean. Nire aita Loidi baserrikoa zen eta ama Oikiakoa. 15 edo 16 urte nituela hasi nintzen tabernan laguntzen, orduan ez baitzen gaur egun ezagutzen dugun jatetxea, eta, horretaz gain, antxoa lanetan ibiltzen nintzen eskolatik buelta-tzean.

Eta nolakoa zen orduan Iribar?

-Nire gurasoek hartu zutenean Erromeronekua bezala ezagutzen zen leku hau, Erromero izena zuen gizon batena zen eta. Nik ez nuen hura ezagutu, baina garai hartan belaon-tziak eta gordetzen zituzten hemen, eta tolarea ere bazen. Ez zuen zerikusirik oraingo Iribarrekin. Hala, pixkanaka jaten ematen hasi ziren. Izan ere, nire aitak parrilla bat ekarri zuen eta arrantzaleak etortzen ziren beraiek harrapatutako arrainekin, eta ardoa soilik ordaintzen zuten. Gero, soziedade eta jatetxeak irekitzen joan ziren, eta halaxe, pixkanaka, hemen ere janaria eskaintzen hasi ginen. Beraz, bilakaera handia izan du Iribarrek;hasieran, taberna bezala hasi zen, urteen poderioz, jatetxe bihurtu zen arte.

Zure gurasoek zabaldu zuten Iribar, baina zure senarrarekin batera hartu zenuten negozioaren ardura ondoren.

-Bai, ni 1965ean ezkondu nintzen eta guk jarraitu genuen negozioarekin. Izan ere, nire senarra Pedro Elkanokoarekin Alemanian izan zen urte batzuetan, eta esperientzia pixka bat bazuenez, biok hartu genuen ardura. Ordurako nire aita parrillan ibiltzen zen, eta nire senarra etor-tzean arrain gehiago sartu genituen.

Horrenbeste urteren ondoren, bezeroaren profila ere aldatuko zen, ezta?

-Bai, asko aldatu da. Egia esan, tokiari dagokionez, lehengo itxura mantentzen saiatu gara, eta urte asko dituen koadro edo elementuak jarraitzen dute, bakoitzak bere historia baitauka. Eta bezeroari dagokionez, hasieran arrantzaleak soilik etortzen ziren, eta pixkanaka, Zarautzen uda pasatzen zuen jende aberatsa etortzen zen, Estatu mailakoa, oro har. Baina, garaiak aldatu egin dira, eta gaur egun denetik etortzen da. Getariak asko irabazi du azken urteotan eta jende asko etortzen da hona, asteburutan mahai guztiak beteta izaten ditugu.

Anekdota ugari izango dituzu gogoan.

-Bai, egia esan, anekdota asko ditugu. Adibidez, San Anton egunean, Basarri, Uztapide eta Lazkao Txiki bezalako bertsolariak etortzen ziren jatera, festetan beren bertso-emanaldiak eskaini ondoren. Hizketan eta bertsotan ibiltzen ziren gure artean, eta gure etxean lo egindakoak dira.

Badira urte batzuk erretiratu zinela, baina jatetxean egunero ibiltzen zara, ezta?

-70 urte bete arte izan nintzen hemen lanean, eta orain lanik egiten ez dudan arren, egunero jaisten naiz bezeroak agurtzera. Adibidez, 41 urtean etorri izan diren senar-emazte batzuk izan dira egunotan eta beraiei kasu egitera jaitsi nin-tzen.

Baina orain hirugarren belaunaldia dago negozioaren kargu.

-Bai, nire alaba Pili Manterola dabil Oscar Fernandez Quejo bazkidearekin. Nire alabak sukaldaritza ikasi zuen Luis Irizarrekin Madrilen, eta hasieran bion artean lanean ibiltzen ginen arren, jubilatu nintzenean sozio horrekin hartu zuen ardura eta martxa onean doa jatetxea.

Eta izango al du jarraipena? Egongo al da laugarren belaunaldirik?

-Ez dakit. Pilik ez du seme-alabarik, eta nire beste alabak, Marijek, bi ditu. Horietako bat etortzen da ba-tzutan pentsiora laguntzera, baina oraindik ez dakigu laugarren belaunaldirik egongo den ala ez. Dena den, oso garrantzitsua da niretzat hiru belaunaldi egon izana. Nire senarra kanpoan izan zen, eta horri esker jarraipena eman ahal izan genion jatetxeari, eta nire alabak sukaldaritza ikasi izana ere garran-tzitsua da, Iribarrek bilakaera handia izan duelako.

Zure bizi guztia egon da jatetxeari lotuta. Zer eman dizu zuri Iribarrek?

-Nire bizitza izan da eta milaka oroitzapen ditut. Bertan jaio nin-tzen, lana ere hemen egin dut eta hemen bizi izan naiz beti. 54 urterekin alargundu nintzen, baina lan honek bizia eman dit eta jende asko ezagutu dut. Egia esan, horrek bizi-tzeko pizgarri bat eman izan dit.

Nork: marije.2018/10/25 12:24:03.917 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)