2018/10/25 12:24:03.917 GMT+2

Klaudia Iribar Salegi, amari omenaldia

Klaudia Iribar Salegi (gure ama), Iribar jatetxeko etxekoandrea, omendu zuten Antxua Egunean, Getarian, 2018ko maiatzaren 4ean (ostirala).

Ekitaldian ateratako argazkiekin osatu dugu bideo hau.



Prentsan ere agertu zen:

Diario de Gipuzkoa Ane Roteta (kazetaria) Osteguna, 2018ko maiatzaren 29an.

CLAUDIA IRIBAR LAU HAMARKADETAN IRIBAR JATETXEAREN ARDURA ERAMAN DUEN GETARIARRA “Hemen jaio eta bizi izan naiz beti. Iribar nire bizitza da eta milaka oroitzapen ditut” Zilarrezko Antxua jaso zuen Claudia Iribarrek (Getaria, 1934) Antxua Egunean. Iribar jatetxearen bilakaera guztia bizi izan du eta lanbide honek dena eman diola dio.

GETARIA- Nola jaso zenuen Zilarrezko Antxuaren aipamena?

-Oso pozgarria izan zen eta oso gustura jaso nuen albistea. Ni baino zaharragoak ziren beste batzuk ere jaso zuten aipamena lehenago eta adinean aurrera noanez, oraingoan niri tokatu zait. Saria jaso nuenean, familia guztiaz oroitu nintzen eta haientzat ere izan da saria.

Noiz eta nola hasi zinen Iribar jatetxean lanean?

-Ni hemen jaiotakoa naiz eta nire gurasoek zabaldu zuten Iribar, 30. hamarkada inguruan, ezkondu zirenean. Nire aita Loidi baserrikoa zen eta ama Oikiakoa. 15 edo 16 urte nituela hasi nintzen tabernan laguntzen, orduan ez baitzen gaur egun ezagutzen dugun jatetxea, eta, horretaz gain, antxoa lanetan ibiltzen nintzen eskolatik buelta-tzean.

Eta nolakoa zen orduan Iribar?

-Nire gurasoek hartu zutenean Erromeronekua bezala ezagutzen zen leku hau, Erromero izena zuen gizon batena zen eta. Nik ez nuen hura ezagutu, baina garai hartan belaon-tziak eta gordetzen zituzten hemen, eta tolarea ere bazen. Ez zuen zerikusirik oraingo Iribarrekin. Hala, pixkanaka jaten ematen hasi ziren. Izan ere, nire aitak parrilla bat ekarri zuen eta arrantzaleak etortzen ziren beraiek harrapatutako arrainekin, eta ardoa soilik ordaintzen zuten. Gero, soziedade eta jatetxeak irekitzen joan ziren, eta halaxe, pixkanaka, hemen ere janaria eskaintzen hasi ginen. Beraz, bilakaera handia izan du Iribarrek;hasieran, taberna bezala hasi zen, urteen poderioz, jatetxe bihurtu zen arte.

Zure gurasoek zabaldu zuten Iribar, baina zure senarrarekin batera hartu zenuten negozioaren ardura ondoren.

-Bai, ni 1965ean ezkondu nintzen eta guk jarraitu genuen negozioarekin. Izan ere, nire senarra Pedro Elkanokoarekin Alemanian izan zen urte batzuetan, eta esperientzia pixka bat bazuenez, biok hartu genuen ardura. Ordurako nire aita parrillan ibiltzen zen, eta nire senarra etor-tzean arrain gehiago sartu genituen.

Horrenbeste urteren ondoren, bezeroaren profila ere aldatuko zen, ezta?

-Bai, asko aldatu da. Egia esan, tokiari dagokionez, lehengo itxura mantentzen saiatu gara, eta urte asko dituen koadro edo elementuak jarraitzen dute, bakoitzak bere historia baitauka. Eta bezeroari dagokionez, hasieran arrantzaleak soilik etortzen ziren, eta pixkanaka, Zarautzen uda pasatzen zuen jende aberatsa etortzen zen, Estatu mailakoa, oro har. Baina, garaiak aldatu egin dira, eta gaur egun denetik etortzen da. Getariak asko irabazi du azken urteotan eta jende asko etortzen da hona, asteburutan mahai guztiak beteta izaten ditugu.

Anekdota ugari izango dituzu gogoan.

-Bai, egia esan, anekdota asko ditugu. Adibidez, San Anton egunean, Basarri, Uztapide eta Lazkao Txiki bezalako bertsolariak etortzen ziren jatera, festetan beren bertso-emanaldiak eskaini ondoren. Hizketan eta bertsotan ibiltzen ziren gure artean, eta gure etxean lo egindakoak dira.

Badira urte batzuk erretiratu zinela, baina jatetxean egunero ibiltzen zara, ezta?

-70 urte bete arte izan nintzen hemen lanean, eta orain lanik egiten ez dudan arren, egunero jaisten naiz bezeroak agurtzera. Adibidez, 41 urtean etorri izan diren senar-emazte batzuk izan dira egunotan eta beraiei kasu egitera jaitsi nin-tzen.

Baina orain hirugarren belaunaldia dago negozioaren kargu.

-Bai, nire alaba Pili Manterola dabil Oscar Fernandez Quejo bazkidearekin. Nire alabak sukaldaritza ikasi zuen Luis Irizarrekin Madrilen, eta hasieran bion artean lanean ibiltzen ginen arren, jubilatu nintzenean sozio horrekin hartu zuen ardura eta martxa onean doa jatetxea.

Eta izango al du jarraipena? Egongo al da laugarren belaunaldirik?

-Ez dakit. Pilik ez du seme-alabarik, eta nire beste alabak, Marijek, bi ditu. Horietako bat etortzen da ba-tzutan pentsiora laguntzera, baina oraindik ez dakigu laugarren belaunaldirik egongo den ala ez. Dena den, oso garrantzitsua da niretzat hiru belaunaldi egon izana. Nire senarra kanpoan izan zen, eta horri esker jarraipena eman ahal izan genion jatetxeari, eta nire alabak sukaldaritza ikasi izana ere garran-tzitsua da, Iribarrek bilakaera handia izan duelako.

Zure bizi guztia egon da jatetxeari lotuta. Zer eman dizu zuri Iribarrek?

-Nire bizitza izan da eta milaka oroitzapen ditut. Bertan jaio nin-tzen, lana ere hemen egin dut eta hemen bizi izan naiz beti. 54 urterekin alargundu nintzen, baina lan honek bizia eman dit eta jende asko ezagutu dut. Egia esan, horrek bizi-tzeko pizgarri bat eman izan dit.

Nork: marije.2018/10/25 12:24:03.917 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Please answer this question to add your comment
Zenbat dira hiru gehi bost? (idatzi zenbakia)