2011/02/10 20:35:18.123 GMT+1

Ni ere han izango naiz, agian

Idazten trebeak direnak hain argi adierazten dituzte nik neuk sentitu, pentsatu eta egin ditzakedanak, nekatzeak ez duela merezi.

BeƱat Gaztelumendi, bertsolaria

Bai, ni han izango naiz, nire betebeharra delako. Euskaldun eta burujabe izan nahi dudalako. Hizkuntzak hiztunok egiten ditugulako. Hiztun hizkuntzak egiten gaituelako. Eskubiderik gabeko hizkuntzak hil egiten direlako. Euskara mundu oso bat delako. Munduari hizkuntza txikiak bizi daitezkeela erakutsi behar diogulako. Hizkuntza galtzea hizkuntza galtzea baino zerbait gehiago delako. Nire hizkuntzan bizi naitekeela sinesten dudalako. Konplexurik gabe bizitzeko garaia iritsi delako. Nire hizkuntzarik gabe munduari begiratzeko betaurrekorik gabe geldituko nintzatekeelako. Etorkizuna gure eskuetan dagoelako. Nire hizkuntzan bizitzeko eskubidea daukadalako. Euskaldun euskarak egiten nauelako.

Bai, ni han izango naiz, Euskal Herriko agintari guztiek uler nazaten. Euskal Herriko mediku guztiek zehatz jakin dezaten non dudan min. Euskal Herriko epaile guztien aurrean nire defentsa behar den bezala egin dezadan. Euskal Herriko unibertsitate guztietan euskaraz ikas dadin. Euskal Herriko lantegi guztietan euskaraz lan egiteko aukera egon dadin. Euskal Herriko haur guztiek Txirri, Mirri eta Txiribiton uler ditzaten. Euskara ETB1en emaitza txarrentzat aitzakiatzat jar ez dezaten. Inork esan ez dezan gure hizkuntzak ez duela XXI menderako balio. Hiru euskaldun gehi erdaldun bat, lau erdaldun izan ez daitezen. Euskal Herriko herritar guztiek zein hizkuntzatan bizi nahi duten aukeratzeko benetako askatasuna izan dezaten.

Bai, ni han izango naiz, ez garela existitzen uste dutenengatik. BEC zer den ez dakitenengatik. Pirritx eta Porrotxekin barrerik egiten ez dutenengatik. Aupa Etxebeste ikusiz irririk irten ez zitzaienengatik. Errautsak ulertu ezin dutenengatik. Anarirekin barrua mugitu ez zaienengatik. Txirrita nor zen ez dakitenengatik. Harkaitz Cano inoiz irakurri ez dutenengatik. Xabier Leterekin hunkitu ez direnengatik. Zaldieroa inoiz ikusi ez dutenengatik. Ulertzen ez nauen okinarengatik. Ulertu nahi ez nauten politikariengatik. Eta, hala ere, askatasuna ukatzen diedala esaten didatenengatik.
Euskaltegietan dabiltzanengatik. Euskaraz irakatsi zidatenengatik. Euskaraz hezi nahi ditudanengatik.

Ni otsailaren 12an Donostian izango naiz. Eta zu?

Nork: marije.2011/02/10 20:35:18.123 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Please answer this question to add your comment
Zenbat dira hiru gehi bost? (idatzi zenbakia)