2010/06/23 10:29:13.882 GMT+2

Gaztetapen harriak barra-barra

Berria egunkarian Zuzendaria atalean agertu da beheko artikulua. Bat nator.


Gaztetapek honela gelditu behar du?

Hiru urte daramagu Getarian Gaztetape hondartzarik gabe. Azkenaldian izandako itsaso bortitzen ondorioz, Gaztetapen, lehen hondarra zegoen tokian, orain ehunka tona harri dago. Eta gertaera horrek Getariako herriari kalte handia eragin diola salatu nahi dugu.

Batetik, herritar guztiok gelditu gara hondartza horrek eskaintzen zizkigun atseden leku, ur mugitu eta olatuen jolas lekurik gabe. Bestetik, kirol eremu polita galdu dugu: urte osoan egiten da surfa, baina udan herriko gazte eta ez hain gaztetxoak aritzen ziren bertan; orain, ordea, leku arriskutsua denez, surflari gazterik gabe gelditu gara. Gainera, lehen garrantzizko surf txapelketa batzuk ere egin ohi ziren: besteak beste, Euskal Herri mailako zirkuitua, eta orain dela hiru urte antolaturik zegoen nesken surf txapelketa Zarautzen egin behar izan zuten hemengo egoera ikusi ondoren. Horiek kalte batzuk bakarrik aipatzearren.

Badakigu gure hondartza ez dela izan itsaso bortitzaren ondorioz kaltetu den bakarra: makina bat hondartzatan agertu dira harriak lehen ez zeuden lekuetan, baita hondarra alde batetik bestera eraman ere. Baina hori zergatik ez Gaztetapen?

Lehen urratsa hondartzaren ardura norena den jakitea izan da, eta horretarako jo genuen herriko udalera. Alde batetik bestera bidali ondoren, azkenik, Kostasen ardura dela esan dute. Baina horien erantzuna izan da: «Dirurik ez dago, eta ezin da ezer egin».

Dirurik ez dagoela? Zertarako? Zenbat diru behar da adituei zergatiaz galdetzeko? Zenbat diru behar da zergatia jakin ondoren konponketarako aukerak mahai gainean jartzeko? Horretarako borondatea behar da, eta egin ahal da? Guk dakigula ez!

Diruaren kontua gero dator: aukera egokia aurrera eramateko dirua behar da, ados.

Aukeretako bat harriak kentzea omen da, gero naturak hondarra ekarriko duela (hori adituek baiezta dezatela). Baina hemen ere eragozpenak daude: harriak itsasoarenak direla, eta ezin omen dira kendu. Gezurra!! Gure begi-bistan hamabi kamioikada eraman dituzte Ketarriko horma egiteko. Nork? Zenbat diru behar izan dute?

Hori guztia dela eta, Kostaseko jaun arduraduna, jabetu zara zer garrantzia duen herri bateko zati batek bertan bizi diren herritarrentzat? Konturatzen zara zure borondate ezak nolako kaltea dakarkion gure herriari?

Lehenbailehen irtenbidea eskatzen dugu!

Iñaki Aranberria.

Gaztetape Surf Elkartea

Nork: marije.2010/06/23 10:29:13.882 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Please answer this question to add your comment
Zenbat dira hiru gehi bost? (idatzi zenbakia)