2008/03/11 10:02:48.180 GMT+1

Euskaltzaleen nekea Arantxa Urretabizkaiaren eskutik

Oso ondo adierazten du euskaldunon bizipena.


 Euskaltzaleen nekea Euskararen munduan gabiltzanok ongi asko dakigu zein nekagarria den gure interesen defentsa. Horrelakorik gutxitan aipatzen badugu ere, sarritan sumatzen dugu neke hori, beti adi egon beharrak sortzen duen akidura. Euskaraz bizi nahi duenak urruti du zerumuga, hirietan herrietan baino urrutiago segur aski, baina harantz zuzentzen ditu ahaleginak, horretarako dauden oztopoak antzemanez, salatuz eta, ahal duenean, trabak ezabatuz. Trafikoko seinaleak direla edo eraikin publikoetakoak, administrazioarekiko harremanak direla edo euskara entzuterakoan muturra okertzen duen dendariaren protesta gehienetan isila, batzuetan zuzena. Oztopoak mendi gaindiezin ziren duela hamarkada gutxi eta euskaraz bizi nahi zuenak bakarturik bizi behar zuen, nahi-ta-ez, mendi tontor batean edo etxe zuloan. Kalea, sasoi hartan, gaztelerarena zen, ia salbuespenik gabe, ez bazen hainbat herri txiki seinalatutan. Kontsolamendu horrek ez du, ordea, beti lehen aipatutako nekea arintzen. Gero esango dute euskararen kontua politizatua dagoela, kolore politiko zehatzegia eta nabarmenegia duela.Ba horrela balitz, erantzukizun nagusia ez litzateke euskaldunona, euskaldun izan nahi ez dutenena baizik. Ez dio inork inori euskara ikastea debekatzen. Eta baldin eta politizazioarena salatzen dutenek euskara ikasteko ahalegina egingo balute, orduan kolore politikoa aberatsagoa izango litzateke, anitzagoa. Eta gehiago izango ginateke hesiak gainditzerakoan. Kontua, beraz, ez dago gehienbat euskaldunon eskuetan, euskaldun ez direnenetan baizik.

Nork: marije.2008/03/11 10:02:48.180 GMT+1
Etiketak: euskara | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Please answer this question to add your comment
Zenbat dira hiru gehi bost? (idatzi zenbakia)