[eibar] Xake-jokoa, kirola?
Xakea dela eta sortu den eztabaidari buruz, nik uste zehaztasun batzuk
beharrezko direla.
Nonbait, kirol-federazioak arautu nahirik, Jaurlaritzak dekreto-zirriborroa
bidali die euskal federazio guztiei (ez xake-federazioari bakarrik), nork
bere ezarpenak egin ditzan. Zirriborro horretan kirolaren definizioren bat
aurreratzen omen da, giza-esfortzu fisikoaren inguruan oinarritua.
Xake-federazioak sumatu du nonbait ez dela xakea definizio horretan sartzen
eta sekulakoa sortu da.
Nik dakidanez, zirriborro hori oinarrizko zirriborroa baino ez da eta
xake-federazioak aski izango luke Jaurlaritzari erantzutea xakea kirol
olinpikotzat onartua dagoela nazioartean, salbuespen kulturala aldarrikatu
eta kitto. Baina nahiago izan du bere burua asaldatu eta printzipiozko
eztabaidetan sartu.
Nik badakit xakea kiroltzat hartu izan dugula beti eta seguru gero horrela
jarraituko duela aurrerantzean ere. BAITA GURE ARTEAN ERE. EZ DAUKAT
PRAKTIKAN BATERE ZALANTZARIK. Hala ere, printzipiozko polemikatan sartuz
gero, gutxienik eztabaidagarri litzateke xakea kirola ala jokoa den.
Jaurlaritzak proposatu duen definizioaren arabera ahari-topeka ez litzateke
kirola izango(ez du gizakiak parte hartzen), nahiz eta gure artean betidanik
herri-kirola izan. Hala ere, oilar-jokoa ez da kirola, jokoa baizik.
Tradizio kontua.
Ez dakit Jaurlaritzaren definizio horren arabera hipika kirola izango ote
litzatekeen (esfortzua zaldiarena da, ez zaldunarena). Baina, baiezkotan
(eta nazioartean horrela da), zergatik idi-demak ez du kirola izan behar?
Nik ez dut esango xakea kirola ez denik (nazioarteko praktikan seguru,
baina printzipiotan ari naiz), baina zergatik xakea kirola da eta musean
egitea, aldiz, jokoa? Are gehiago, zergatik ez dugu bertsolaritza kiroltzat
hartu behar? Zergatik da xakea bertsolaritza baino kirolagoa?
Azkenik, oso oker ez banago badira munduan Estatu eta gizarte oso
zibilizatuak (Erresuma Batua, esate baterako) xake-jokoaren antolamendua ez
dutena kirol-federaziotan egituratzen, bestelako elkartetan baizik. Inork
ez du zalantzan jartzen xake-jokoa antolatu behar ez denik. Kontua zera da,
kirol-federazioen baitan ala joko-elkarteen artean?
Sistema batean edo bestean aritu, xake-jokalariek berdin jokatuko dute
baina, behar bada, ez diru-laguntza berberak lortu. Beraz, eta eztabaida
horren printzipiozkoa ez balitz?
Amatio