Adi hauekin:
Zapatak etxeetara, hoteletara, hainbat jatetxetara... sartzeko kendu behar dira. Barrenak uztutzera kumunera zoazenean ere bertan dauden zapatilak jantzi behar dira.
Mukiak publikoan kentzea zatarra da.
Begietara ez dute luze begiratzen.
Oso garbiak dira.
Etengabe eskerrik asko eta barkatu esaten aritzen dira. Momentu batean gehitxo eta dena izan daiteke baina Europarako bidean goazen honetan (hegazkinean) europearrekin topo egiten hasi naiz eta faltan botatzen ere bai japoniarren politesa.
Zapatak kentzeko ohitura jatetxe batzuetan ere badute. Gai honen inguruan Asisko Urmeneta euskal bufoiaren idatzi xarmanta aurkitu daiteke sarean.
Hitz egin egiten dute nahiz eta tutik ez duzula ulertzen jakin badakiten.
Haurrak hazteko lurra ez da. Haurtzaindegiak lortzea oso zaila da. Baita baimenak lortzea. Eta dirulaguntza ere oso txikia da umea hazteko. Bidai guztiak hiru emakume-haurdun ikusi ditut eta bat aeroportuan gaur. Itxuraz ez dago ondo ikusia haurdun dagoena metroan eta ikustea “etxean egon beharko luke horrek” pentsatzen omen du jendeak.
Maikoak kalean egun argitan ikusteko aukera izan genuen Kyoton. Kokotean margo txuriarekin egin ohi duten forma izugarri erakargarria egiten zait.Bi aste goizegi iritsi gara Japoniara. Gereziondoak bagoazenean hasi dira loratzen. Aste Santua ohi bezala apirilean izan balitz, garaiz ibiliko ginen. Iaz ere Extremadurako Jerte bailaran loratzea galdu genuen baina orduko hartan beranduegi ibili ginelako izan zen. Bi aste berandu alegia.
Bi gertakari bortitz behintzat gertatu dira bertan egon garen denboran:
-
Mutil batek agure bat akatu eta handik lau egunera gazte bat akatu eta zazpi lagun zauritu zituen tren-geltoki batean bi eskuekin aiztoak erabiliz. Jaungoikoa naiz esanaz mezuak bidali omen zizkion bere buruari. Ordenagailu eta bideo-joko amorratua.
-
15 urteko mutil batek 38 urteko funtzionario bat bota zuen trena zetorrenean. Bost egun beranduago hil da. Unibertsitatera joateko aukera ekonomikorik ez zuela eta aztoratuta omen zebilen. Goiko gertakizunaren antzekoren bat egitea otu ote zitzaion eta aiztoa zeraman alboan.
Oso pakezaleak omen dira oro har. Gerra bizitu zutenak pakearen aldeko aldarria egiten jarraitzen dute.
Hiroshimako bonba atomikoak eragindako txikizioaren museoa oso interesgarria da. Besteak beste egun hartan han inguruan zeudenen kontakizunak daude bilduta eta hunkigarria da haiei entzutea.
Behin bakarrik entzun dut japoniar bat ozen hitz egiten. Tren-geltokian zen eta norbaiten bila zebilen.
Trenetan lo dagoen jendearen argazkien bilduma egiten du Kirai izeneko batek sarean. Fenomeno ikusgarria da benetan. Trenaren dilin-dalanak eta bidaiaren iraupenak asko laguntzen du baina halere ezin sinistu daitezken posturetan lo hartzeko gaitasuna dute.
Japoniar sukaldaritza berria. Ferran Adriak bere hainbat ideia handik hartu ditu, seguru. Ninja izeneko jatetxe batera eraman gintuzten lagunek eta Adriák horman utzia zuen bere sinadura.
Txakurrak eta katuak miretsi egiten dituzte.







Katuekin jolasteko gune bat ere bazegoen dendan. Helduak ari ziren jolasean; ordu erdiak 800 yen balio du.
Idatzi artikulu bat