Apr 22, 2004

Valverde, 1960ko irudikatzailea

Donostiako San Telmo Museoan amaitzear dago Antonio Valverde "Ayalde"
(1915-1970) artistaren erakusketa. Ez naiz ni nor pinturaz hitzegiteko baina
uste dut, benetan, euskaldun guztiok ezagutu beharko genukeen gizakumea dela
Valverde, pintorea izateaz gainera marrazkilari, grabatzaile, diseinugile,
publizista, idazle, poeta, bertsozale, enpresari, euskaldunberri eta,
besteak beste, tarteka-marteka jaiotzen diren intelektual errenazentista
horietakoa izan zen-eta.
Orain erraz samarra da euskaltzale, kritikari edo aztertzaile agertzea
baina ez, ostera, orain dela 50 urte. Kulturgintza basamortu hutsa zen garai
ilunetan, Antonio Valverde "La Academia Errante" intelektual-taldearen
suspertzaileetakoa izan zen, Juan Ignacio Uria, Koldo Mitxelena, Alvaro del
Valle Lersundi, Ignazio Zumalde, Jose M. Busca Isusi eta beste hainbatekin
batera, eta harreman estuak izan zituen Barandiaran, Artetxe, Pelay Orozko,
Oteiza, Chillida eta gainerakoekin.
Segurutik bada haren lan-esparru zabalean zer nabarmendu baina, nik
neuk,
neure ikuspegitik, 1960 hamarkadako giroa irudikatzeko izan zuen gaitasuna
azpimarratu nahi nuke. Garai hartan euskal letretara estreinako inguratu
ginen gazteok Valverderen "santuekin" topo egiteko zoria izan genuen,
Lizardiren "Biotz begietan", Orixeren "Euskaldunak", Juan San Martinen
"Escritores euskricos" eta beste hainbat argitalpen (egutegiak,
gabon-zorionak eta estropada-kartelak) kasu.
Ildo beretik, berak marraztu zituen zenbait etnografi-pasarte ezagun
(Akelarre, Olentzero), berak pintatu zituen garaiko lekukoak (Manuel
Lekuona, Koldo Mitxelena, Uztapide...) eta berak irudikatu zituen orain
betidanikotzat joten ditugun pertsonaia historikoen erretratuak (Domenjon de
Andia, Aita Larramendi, Lope de Agirre, Xenpelar...).
Antonio Valverde izan zen, batere zalantzarik gabe, 1960 hamarkadako
kulturaren pintore eta erretratugile. Gaur egun ez dago haren parekorik.
Orain ETBren kamarak ditugu. Orduan Valverderen eskua eta konpromisoa.
Amatio


Posted by Amatiño at 04:11

SER Euskadi

SER-Euskadi irratiaren arduradun batek gaur esan didanez...
-- SER berriro omen da EAEn audientzarik gehien duen irratia.
-- Ordutegi guztietan omen da lehena.
-- Prestige, Irak eta Madrilgo erasoa izan omen dira arrazoietakoak.
-- Entzule-konzentrazioa gero eta handiagoa omen da. Hau da, SERek eta Eusko
Irratiak biltzen omen dute elkarren artean audientziaren 3/4.
-- Proportzioz Gipuzkoan du SERek audientziarik gutxien.


Posted by Amatiño at 04:11

Eguraldi birtuala

Gaur, kafia hartzen neguala mostradore-ertzian, agure ezagun bat hurreratu
jata:
-- Kaixo Amatio, ze moduz habil?
-- Hamentxe, egualdi ederraz...
-- Bai, horixe esan jok telebisiuak.


Posted by Amatiño at 04:11

Coreblog-ekin egina