20 Apirila
2004

Richard Stallman, azkenean doan

Apirilak 26, 2004, Bilbon eta Leioan

Richard Stallman, azkenean Bilbon apirilaren 26an, doan. Deustuko unibertsitateko e.Ghost-ekoek marabillak egin behar izan dituzte Ciber-Art-ekoekin gauzak adosteko, baina hor doa informazio ofiziala, argitaratu daitekeen bezala.


Duela aste batzuk eman genuen Stallman-en bisitaren berri Sustatun. Informazioa osatu dezakegu orain.

CiberArt ekitaldiaren barruan emango duen hitzaldia, datorren astelehenean izango da, hilak 26. Goizeko 9.40an izango da Euskalduna Jauregiko hitzaldia, A1 aretoan. 600 lagunentzako sarbidea du, eta CiberArt-eko matrikula egin dutenek izango dute sartzeko lehentasuna, matrikulatu gabeentzat ere, tokirik balegoi, sarbidea egongo delarik. Ingelesez hitz egingo du Richard M. Stallmanek Euskalduna: Software librea, kultura librea izenburuko hitzaldia emango du

Ondoren, arratsaldez, Deustuko Unibertsitatea bisitatuko du Stallman-ek. 17.30etan, bertako komunitate akademikoarekin eta euskal hacker taldeekin elkartuko da, paraninfoa. Sarbidea bakarrik aretoaren tamainak mugatuko du (400 lagun). Deustuko Unibertsitaterako bisita CiberArt-ek eta Deustuko Unibertsitateko software libreko taldeak, e-Ghost-ek, antolatu dute. Bien artean adostu da informazio hau zabaltzea, honako agiri honen bidez (gaztelaniaz). Deustuko paraninfoan emango duena gaztelaniaz izango da (badaki Stallmanek), bere hitzaldi klasiko bat: Software librearen mugimendua eta GNU/Linux sistema eragilea.

Azkenik, iluntzean (Sustatu-n bertan iragarri zutenez baina oraingoz ordu zehatzaren informaziorik gabe) Leioako Udondo Gaztetxeko Metabolik Hacklab-ekoek antolatuta, afari-elkarketa bat egingo da Stallman-ekin lasai-lasai egoteko aukerarekin, eta bidez batez, X-Evian LiveCDa aurkeztuko dute. Printzipioz, 20.30etan hori, baina jarri kontaktuan Metabolik-ekoekin, afarian laguntzatxo bat emateko ere ez zaie gaizki etorriko eta.

Bidalketa: luistxo (03:02) | Permalink | Erantzunak (0) | Aipuak (trackback) (0)

Bilbao Exhibition Centre (BEC) eta "gure euskara"

Atzo zabaldu zuten Bilbaoko erakustazoka berria, Bilbao Exhibition Centre (BEC). Juan Jose Ibarretxe lehendakariak zera esplikatu zigun irekiera ekitaldian: "Gure euskal identitatea, gure euskara, gure produktuak, munduko plazan ipintzeko", horretarako izango da BEC.

Beharbada, euskaraz jarri izan baliote izena... Baina bestela, zaila egiten zait sinestea horretarako, "gure euskara" zabaltzeko, izango denik BEC


Baina izena guztiz erdalduna du, ingelesezkoa zehazki: Bilbao Exhibition Center.

Halabeharrez, laburdura asmatu behar izan diote, ze ingelesez izan arren, luzeegia da hala ere. Laburdura, beraz, BEC, baina ere berean, domeinua ez da BEC, baizik eta izen luzearena: bilbaoexhibitioncenter.com idazteko orduan luzeegia duda barik, akatsetarako errazegi.

Bilatzaileen bidez ere, BEC bilatuta aurkituko ote da hori? Horra zalantza: bi izenak dira ingelesak, baina bata luzeegia eta konplikatuegia, eta bestea laburregia eta jenerikoegia (BEC piloa dago munduan, eta Googlen ere bai, noski).

Buletin bat ere badu erakustazoka berriak, InfoBEC. Gazteleraz eta ingelesez bakarrik eskuratu daiteke, oraingoz. Erakustazokaren azpiegitura lan guztiak amaitutakoan jarriko dute euskaraz, agian.

Ikusiko dugu, ea nola zabaltzen duen BEC-ek "gure euskara" munduko plazan.

Bidalketa: luistxo (04:49) | Permalink | Erantzunak (0) | Aipuak (trackback) (0)