29 Martxoa
2004

Larry Trask hil da

Andolin Eguzkitzaren galeraren ondoren, beste euskalari aipagarri bat ere hil zen joan den astean: Larry Trask profesorea. Interneten urte batzuk daramatzagunok ondo gogoratzen dugu Trask, Basque-L zerrendaren garaietatik. Euskararen historian eta, oro har, hizkuntzalarintzaren alorrean, lehen mailako ikerlaria zen Trask.


Hil-oharra atzo zekarren Berria-k familiaren izenean. Nonbait larunbatean hil zen, baina hau idazten dudalarik, ez dakit gehiago. Larry Trask lanean egon da, behintzat, orain dela oso gutxira arte, beti bezala. Sci.lang eztabaida taldean bere betiko polemiketan barneraturik idatzitako mezu bat aurkitu diot, duela lau astekoa apenas (Otsailaren 27ko mezua Usenet-eko sci.lang-en).

New York estatuan jaioa zen Larry Trask. Kimikaria zen, baina 1970an Londresera joan zen oporretan bi asterako, eta opor horietan, hizkuntzalaritzarekiko halako fijazio bat sentitu, eta Ingalaterran bizitzea eta hizkuntzalari izatea erabaki zuen. Bere ikerketa gai nagusia, orduanik, euskara. Tesia ere euskararen gainean egin zuen, eta bere lan sakonena gure hizkuntzaren alorrean The History of Basque liburua dugu. Liburu akademiko samarra, ez Amazon-en aurkitzekoa, baina euskal liburutegi publiko askotan mailegagarria.

Larry Trask Sussex-eko unibertsitatean zen irakasle. Bertan, Basque-L-ko garai bateko bere mezuen bilduma eginez-eta, euskararen inguruko gezurrak uxatuz eta datuak bilduz, orri interesgarri bat bildu zuen 1996an. Han dago oraindik:

Ez bakarrik euskalaria, hizkuntzalaritzaren alorrean izen inportantea zen Larryrena. Iaz The Guardian egunkariak egin zion elkarrizketa batean, The Guardian-ek Steven Pinker eta Noam Chomsky-rekin konparatzen zuen.

Hizkuntzalaritza orokorreko bere lantxo batzuk, eskuragarri Sussex-eko unibertsitatearen gunean, hemen.

Bidalketa: luistxo (00:18) | Permalink | Erantzunak (0) | Aipuak (trackback) (0)

Larry Trask vs. Naberan, Lizarduikoa eta enparauak

Trask. Bere posizioa eta ezagutzaren maila zein den jakiteko, bere
webgunetik ohartxo bat itzultzen saiatuko naiz.
***^*******
Mesedez, izan kontuan: ez dut kontu hauen inguruan ezer entzun nahi:
- Euskara honako zerbaitekin erlazionatuta dagoela frogatzen duen zure
azken froga (Iberikoa, Etruskoa, Piktoa, Sumeriera, Minoikoa, Tibetera,
Istmoko Zapotekoa, Martzianoa).
- Euskara dela giltza sekretuak jakintza alor hauen argipenerako: Ogam
inskripzikoak, Phaistosko diskoa, Pazko Uharteko zeinuak, Egiptotarren
Hilen Liburua, Kabala, Nostradamusen profeziak, zure PC-aren instrukzioak,
New Yorkeko Burtsako mugimenduak.
- Euskara dela gizateriaren jatorrizko hizkuntza, Atlantida galduaren
hizkeraren ondorengoa, Antartikako zibilizazioaren hizkuntza joana, Proxima
Centauriko bisitarien froga argia.
Benetan, aurkikuntza akademiko hauen inguruan ez dut ezer jakin nahi.
************************
Alegia, Josu Naberan eta Martinez Ilargikoarekin eta euskararen zibilizazio
primigenioaren teoriekin zerikusi handirik ez. Euskaldunon antzinatean
begirada benetako bat botatzeko, eskuratu, arren, Larryren History of Basque.
Larry Trask hizkuntzalari eta euskaltzain urgazlea hil dela-eta informazio
gehiago: http://www.sustatu.com/1080546255


Bidalketa: moblog (23:40) | Permalink | Erantzunak (0) | Aipuak (trackback) (0)