SpyMac, GMail eta norberaren edukietan bilatzeko aukera
Dick Turpinek abisatzen digu Sustatun (http://www.sustatu.com/1081889635)
SpyMac zerbitzuak eskaintzen duela jada GMail-en gauza bera, Giga 1eko
e-posta kontu bat.
Dick-ek dioenez:
> ... Gainera, SpyMac-ek bilaketa sistema bat du, mezuak aztertzeko.
Hor dago koxka, nire ustez. Bilaketa sistema bat, gauza bat da, eta beste
bat Googleren bilaketa sistema, eta azken hori da, nire ustez, GMail-en
balio posible handiena erabiltzailearentzat.
Yahoo bilatzaileen gerran buru-belarri sartu da, eta laster dator gudu
honetara Microsoft ere (MSN), baina aldi berean, Googlek atzean utzi ditu,
bilatzaileekin promesak egin bai, baina bilaketa ganorazkorik ez dietelako
eskaintzen beren erabiltzaileei: Yahoo Mail edo Hotmailek ez dute
bilaketarik, eta Yahoo Groups-ekoa negargarria da.
Erabiltzaileari material propioan bilaketak eskaintzea, hor dago bataila
honetako koxketako bat.
Ni oraindik nire Google-lokalaren zain nago. Nire PC-ko edukietan bilaketak
azkar egingo dizkidan zerbaiten zain. Posta zaharrarentzako (eta
berriarentzako), esperantza dut GMail-ek balioko didala. Ikusiko dugu.
Aberri Eguna: Gora Microsoft!
Euskal politikagintza MS Word-en zuloengatik ipurdi bistan
Zerk bateratzen ditu Aberri Eguneko konbokatzaileak? Microsoft Word-ek. Ekitaldi edo asmo bateratuak konbokatzeko gauza ez gara, baina komunikatu bat zabaldu behar bada, zaude ziur, Microsoft Word-ekin egin eta banatuko dela. Berria-k dauzka bilduta bere orri nagusian.
Berria-k Word formatuan eskaintzen ditu Aberri Egunerako hainbat adierazpen, denak Microsoft Word-en .doc formatuan, bere lehen orriko eskumako zutabean: www.berria.info
Word-en jasotako dokumentuak hauenak dira:
- LAB
- Batasuneko Mahai Nazionala
- Udalbiltza (EAJ-EA)
- Ezker abertzalearen inguruko Udalbiltza
- Eusko Alkartasuna
- Nazio Eztabaidagunearen azken proposamenak (Aberri Egunarekin batera kaleratuak).
Gauza jakina da, Word dokumentuak zuloz betetako fitxategiak direna: Macro erako birusak izan ditzakete. Eta, gainera, beren jatorri informatikoa eta izandako eraldaketak agerian uzten dituzten datu pribatuak izaten dituzte.
Askorik arakatu gabe, ikusi ahal izan dut Nazio Eztabaidagunearen Word dokumentua, nonbait Usurbilgo Udalaren izenean dagoen Word instantzia batekin idatzi dela.
Seguruaski, beste tresna batzuekin are datu esanguratsuagoak atera daitezke Word dokumentu horietatik. Bi adibide:
- Tony Blairren gobernuari gertatu zitzaion, Word dokumentu batzuk jarri sarean Irakeko gerraz, eta agerian geratu zenbat manipulazio izan zituzten testuek azken erredakzioaren aurretik. Tony Blairren kasuaz, ingelesez.
- Microsoft berari gertatu zaio, XBox joko-makinaren propagandarekin. Irakurri hemen gaztelaniaz.
Berrian bildutako Word dokumentuen sorta horretan, ez dago EAJ-renik, baina ez pentsatu Jeltzaleak besteak baino kuriosoago dabiltzanik. Beren webgune ofizialeko prentsa-ohar guztiak Word dokumentuak dira.
Nazio Eztabaidagunea ipurdia bistan uzteaz aparte, beste norbait ere molestatzeko, horra EAJ-PNV.com guneko azken prentsa-oharretik ateratako datu batzuk: gutxienez bi diskete eta hiru disko gogorren arrastoa badu prentsa ohar horrek. Horra arrasto horietako batzuk:
- C: Documents and Settings \ UNZUETA \ Datos de programa \ Microsoft \ Word \ Guardado con Autorrecuperacin de Documento3.asd
- C: Documents and Settings \ J_ARIZTONDO \ Escritorio \ DB-prentsaoharra-04-04-06.doc
- A: \Barcelona.doc
- G: \ Prentsa \ Prentsa oharrak \ 2004 \ 04085.doc
Europako Parlamenturako hauteskundeei buruzko erdarazko ohar batean aurkitu ditut datu horiek. Doako testu editore soil-soil batekin atera ditut neuk, ez dihardut Goardia Zibilaren material informatikoarekin.
e-administrazioa zer den benetan
Zelako enpeinua dakan administraziuak, gitxien gitxien eittia gustatzen
jakuna, pagatzia, ein daigun Internetetik.
>Ordainagiriak eta isunak Internet bidez ordaindu daitezke
>
>Dagoeneko, donostiarrek Internet bidez ordaindu ditzakete isunak eta
>ordainagiriak. Horretarako, Udalaren web orrian sartu behar da eta Zure
>Udaletxea aukeran On line ordainketa lotura aurki daiteke. Egun osoan
>zehar martxan egongo den zerbitzuak bai txartel bidez zein on line banku
>bidez ordaintzeko aukera ematen du. Sistema hori erabili ahal izateko
>Udalak adostutako kreditu txartelen jabe izatea eskatzen da edo bestela
>proiektuarekin bat egin duten bi banketxeetakoren baten erabiltzaile
>izatea (Kutxa eta Banco Guipuzcoano ).
>
>- El Ayuntamiento estrena un sistema para pagar recibos y multas a travs
>de Internet El Diario Vasco
Hori izango da, bai, e-administrazioa...
Bittartian, ikusi http://www.donostia.org/ eta topau, Udal zerbitzuen
telefonorik hor. Ea inork suerterik dakan.