2009/12/11 10:22:21.535 GMT+1

Norena da? Artzerena edo Gandiagarena?

"HIZKUNTZA BAT EZ DA GALTZEN EZ DAKITENEK IKASTEN EZ DUTELAKO, DAKITENEK HITZEGITEN EZ DUTELAKO BAIZIK" poesia ezaguna, norena da? Gandiagarena edo Artzerena?

Ba al dakizu?

Nork: marije.2009/12/11 10:22:21.535 GMT+1
Etiketak: euskara | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2009/12/08 19:14:03.498 GMT+1

Hizkuntza alternantzia edo elebitasun asimetrikoa

Euskaldunok hartzaile pasiboei euskaraz egiten diegun heinean, eta orduan bakarrik, irauliko dugu erabilera.

Esti Amorrortu, ikerlariari, Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak ikerlanaren inguruan Argian egindako elkarrizketan proposatzen duenarekin bat nator, guztiz.

" (...)Pertsona bat nahiz eta euskaldun osoa ez izan, ulertzeko gai bada, zergatik hitz egingo dugu gaztelaniaz? Nik euskaraz eta berak gaztelaniaz saiatu beharko genuke edo gauza errazagoak esateko euskaraz eta zeozer ez badugu ulertzen gaztelaniaz eta gero berriro euskarara pasatu.(...)

Nork: marije.2009/12/08 19:14:03.498 GMT+1
Etiketak: euskara | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/12/08 19:06:12.192 GMT+1

Abbadya saria Joxerrari

Joxerra Gartziak Abbadya saria jaso zuenean esandako batzuk bildu nahi ditut hemen, nire arreta piztu zutenak, hain zuzen:

* Txirritak esandako ekarri zuen gogora, ´erdera ez zen bakarrik kapaz, euskarak ere lagundu zion`, euskaldunona ere bada errua, kanpokoena salatzea ez da nahikoa.

* Lehentasuna euskara gozagarri izatea da; zuzentasunetik egokitasunera jauzi egitea; gu geu izango gara, horrela, euskararen iragarki onena.

* Elebidunak gara hizkuntz askatasunaren berme nagusi.

* Zabalagoak egiten garen neurrian zabalduko dugu euskara, eta euskara zabaltzen dugun neurrian zabalduko gara geu ere.


Nork: marije.2009/12/08 19:06:12.192 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/12/01 00:36:12.647 GMT+1

Getariko kintakoak

Arantza Iribar, lehengusuak, argazki polit bat bidali dit: Getariko ikastolan, mendi-maldan, ateratakoa hain zuzen. Urtea 1974 edo izango omen da, beraz 8 urte izango genituen. 66ko taldearena da eta izen gehienak gogoratu baditut ere, izen batekin zalantza dut eta bigarren aurpegi bat ez dakit norena den; Arantzak lagunduko ote dit argitzen...

Iñaki Zulaika maixua, (goian) Kepa Ibarbia, Andoni Aristi, Arantza Iribar, Markos, Josune Otamendi, Amaia Iribar, Belen Silbeti, Arantza Osa, Marije Manterola, (behean) Igone Agirrezabalaga, Pello Arruabarrena, Imanol Iribar, Bernar Urresti, Ibon Gereka, Iñaki Eizagirre, Nikolas Burgaña eta Jose Ignacio Sagarna.

Oroitzapenak oso urruti dauden urtemugara iritsita gaude nonbait... eta aspaldiko kontuak nostalgia pittin batekin gogoratzen hasita nago, ni behintzat, dagoeneko.

Iñaki maixuari oso estimu handia nion, diot; baina, ez galdetu zergatik. Ezin dut datu zehatzik eman, ez naiz gogoratzen zertan zen egokia,  baina seguruenik tratuan goxoa izango zen.

Ikaskideak, berriz, asko estimatzen ditut, nahiz eta oso harreman gutxi dudan ia guztiekin; agurtu bederen, agurtzen gara bai, elkar ikusten dugunean.

Getariako ikastolan pasatako urte haiek aberatsak izan ziren esperientzia aldetik. Ez zen, halere, dena arroxa-kolorekoa izan. Gogoan ditut Nikolasekin egindako esku-lana; San Telmo museora egindako bisitaren ondoren osatu genuen marrazki-bilduma, eta nola azalean nik marraztutako gudari-tronpetajotzailea jarri zuten; indio eta bakeroetara nola jolasten genuen Jesuiten jauregi eta lorategi ezin handiagoan; gela berdinean bi maila nola egoten ginen, andereino berdinarekin ikasten; kumuneko lehen sexu-jolasak; petralaldiak; amaren oharra eskuetan nuela ikastolara berandu iristen nintzenekoa...


Nork: marije.2009/12/01 00:36:12.647 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2009/11/30 11:41:55.137 GMT+1

Argiago ezin daiteke adierazi




Nork: marije.2009/11/30 11:41:55.137 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/11/26 12:49:50.852 GMT+1

Kurrin-kurrun vitae, Joxerra Garziak eskainia


Joxerra Garziak idatzitako liburua, "Kurrin-kurrun vitae, maisu baten ikarak eta ostikadak" irakurri berri dut, gustura oso, gainera.

Bere bizitzako pasadizoak kontatzen ditu bertan eta oso erraza da irakurtzeko; oso idazkera landua, aberatsa, batzuetan jasoa baldin badu ere.

Kontakizun asko hurbilak egin zaizkit: Jakintza ikastolakoak, euskalgintzakoak... Batzuk gorde nahi ditut:

- Arrasateko ikastolan irakasle zen garaikoak: "Nolanahi ere, gorabehera jakin horiek guztiak baino eramangitzago zitzaidan handitu ahala ikastolan sortzen ari zen giroa. Hasierako militantzia lagunkoi hura usteltzen eta beste ikastola bat sortzen ari zen, nabarmen. Handiagoa, txukunagoa, jantziagoa... baina baita hotzagoa eta hutsagoa ere. Niri hala iruditzen zitzaidan behintzat."

- Irungo Txingudi ikastolan izandako esperientzia: "Hasiera-hasieratik sentitu nintzen deseroso, haur haien ezintasuna ikusita (euskara maila baxua zuten). Ez zitzaidan zilegi iruditzen sistema hura, zinez uste baitut hiztunak eskubide gehiago dituela ezein hizkuntzak baino, baita hizkuntza hori euskara bada ere, hain gure eta hain maitea. Eta haur haiek itota ikusten nituen nik. Gordina bada ere, esan dezadan osorik: euskarak itota ikusten nituen nik haur haiek, eta ezin nuen hori eraman."

- Tolosako ikastolan: "...aldian behin liburu bat irakurri eta haren iruzkina egin behar izaten zidaten ikasleek. Behin, mutil bat etorri zitzaidan, larri, iruzkina, egin, egin zuela noski, baina baita galdu ere, eta ea ahoz egin ote zezakeen azterketatxoa.
Irakurritako liburuaren hari nagusia kontatzeko eskatu diot, bada, eta jario dotorean hasi da ikaslea:
- Itsas abentura bat da funtsean liburuan kontatzen dena. Itsasontzi batean hainbat lagun doaz, tartean detektibe pribatu bat, hamabost eguneko opor-bidaian. Bidean doazela, heriotza misteriotsu bat gertatzen da, eta heriotza hori argitzeko ahaleginek osatzen dute narrazioaren haria...
Seguru nago mutil hori urrutira iritsia izango dela bizitzan, batez ere politikaren munduan baldin badabil. Loidiren Hamabost egun Urgainen nobela horrela kontatzen duenak asmatuko du noski errealitatea bere komenentzira egokitzen."

- Tolosako ikastolan: "...bitxia izan zen ikasle haiek hika hitz egiten nola hasi ziren.
Erabakia irmo harturik, propio biltzen ziren elkarren artean hika hitz egitera. Hitanoak, ordea, baserri giroa ekartzen zien, nonbait, gogora, eta kostatu egin zitzaien serio hitz egitea. Sentipen deseroso hori gainditzeko, oso martingala polita asmatu zuten: hika hasi orduko, denak "Joxe" bihurtzen ziren, nahiz tartean neskaren bat edo beste ere bazen."

- Irratian: "Euskara erabiliko badute, ordea, motibazioa behar dute hiztunek, batez ere gazteek. Mitxelena ere aipatzen dugu, nola ez, hark aizkorarekin parekatzen baititu hizkuntzak. Ondo ebakitzen badu, ona da aizkora; komunikaziorako tresna egokia bada, ona da hizkuntza. Komunikazioan dago gakoa, beraz, ez paradigmetan, eta eskolak, gure eskolak, horixe behar luke ardatz nagusi."

-Jakintza ikastola: "Nik neuk, nahiago nuke beren alorrean asko jakin arren euskaraz ozta-ozta moldatzen dien irakasleek erdaraz emango balituzte beren eskolak.
Baina ez naiz ausartzen pentsatzen dudana esatera."

-Batua: "Pello Salaburuk arrazaoia du. Arazoa ez da euskara batu teorikoa, Euskaltzaindiaren arauek osatzne dutena. Arazoa da berez molde hutsa behar lukeen euskara batu toriko horrekin hiztunok antolatu dugun batu soziologiko xixtrin hori."

Nork: marije.2009/11/26 12:49:50.852 GMT+1
Etiketak: liburua | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/11/16 12:34:54.392 GMT+1

Emakumeak-kableak, gizonak-kaxak; eta txirularia

Betiko gai bat oso modu umoretsuan aurkezten du Mark Gungor-ek bideo honetan: gizonen eta emakumeen garunaren funtzionamenduaren arteko amildegiaz dihardu. Merezi du ikustea, batez ere tartetxo bat farrez egon nahi baduzu. Nik bat egiten dut tipo honen ideia nagusiekin, halere, zorionez, ez dira estankoak; badago gizonik emakumeen moduan jokatzen duenik, emozioei leku eginez; eta alderantzizkoa ere gertatuko da, ziur, ziur?

Beste bideo honek, aldiz, ahozabalik eta zeresanik gabe utzi nau. Ez dakit sinpleki ulertu daitekeen edo sakonki. Ea zuri ze iruditzen zaizun. Txirularia aurkezten dizut.

Nork: marije.2009/11/16 12:34:54.392 GMT+1
Etiketak: umorea | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/11/12 10:05:46.579 GMT+1

Matxismoa pilotan

Andu Lertxundik Berrian eta Hitz beste blogean telebistan botatzen dituzten pilota partiduak izan ditu hizpide, beno, pilota partiduak bainoago, telebista kameren matxismo nabaria.

Oso bat nator berak dioenarekin, neroni ere beti tuntun aurpegiarekin begira gelditu natzaio-eta, edarien mahai atzean, zutik egon ohi den neskari. Zergatik izan behar du neska? zergatik egon behar du zutunik? Kotxe ferietako irudiak antzekoak, beharbada probokatzaileagoak, izan ohi dira. Emakumea lorontzi.

Gainera, lankide batek esan didanez, neska-zerbitzaria kamerarekin jateaz gain, ikusleen artean dauden emakume ederrak ere kameraren helburu bihurtzen direla.

Bukatzeko, kuriosoa da Anduren artikuluak jaso dituen iruzkin gehienetan gaia pilotari baten izenaz ari direla, eta ez artikuluaren muinaz.


Nork: marije.2009/11/12 10:05:46.579 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/11/04 14:11:53.892 GMT+1

Kutxako Gaztetxoen Kluba, gaztelaniaz

Larunbatean, urriaren 31ean, Beldurrezko Zinemaldiko pelikula bat ikustera joateko gonbita jaso genuen. "Niko eta izarretako bidea" ikustera joan ginen eguerdiko 12etan, eta aibala!, Kutxako
Gaztetxoen Klubak antolatutako bideo lehiaketaren sari-banaketa eta bideoen pasea ikusi behar izan genituen, abisurik gabe.
Baina, gogorra egin bazitzaigun 40 minutu itxaron beharra pelikula ikusi arte, gogorrena aurkezpenean erabilitako hizkuntzen erabilera izan zen.


Aurkezle Goenkaleko Leonorren senarra, senar-ohia?. Zuzen euskaraz baina gaztelaniaz ere errepikatuz, ia dena. Epai-mahaian parte hartu zuten lau ezagunetatik hiru euskaldunak ziren, ba, galdera-erantzunak hola izan ziren:
    Rebordinosi gaztelaniaz galdetu eta berak hala erantzun.
    Olaziregiri gaztelaniaz galdetu eta berak hala erantzun.
    Gaztetxoen Klubeko arduradunari euskaraz galdetu eta honek bi hizkuntzetan errepikatu erantzuna.
    Aitzpea Goenagari euskaraz galdetu eta berak hala erantzun.

Sari-banaketarako bi neska gazte azaldu ziren, sarrera euskaraz eta tarteka ere bai, baina eduki nagusia gaztelaniaz. Azpimarratu behar da gaztetxoen izenak ahozkatzerakoan, izena eta abizena gaztelaniazko ahoskerarekin egin zutela.

Eta ez ginen iritzi kritiko honekin gelditu ginen bakarrak, beste euskaldun talde batek ere inpresio berdina izan baitzuen.

Eta gainera, ez da lehenengo aldia. Kursaaleko kuboan pailazoak ikustera joan ginen udaberrian. Orduan ere Gaztetxoen Klubak antolatutako sari-banaketa jasan behar izan genuen. Eta orduan ere euskaldunontzat lotsagarria izan zen aurkezleak erabilitako hizkuntzen arteko desoreka: nabarmena zen gaztelaniarako joera.

Eskaera egin nahi nioke dagokionari, Gaztetxoen klubak egin ohi dituen ekitaldi publikoetan euskarak ezin duela gaztelaniaren menpeko agertu; eta nola lortu daiteke hau? Besteak beste, dena bi aldiz errepikatu gabe, eduki nagusiena gaztelaniaz ezezik, euskaraz eskainiz, izen-abizenak euskal azentuarekin ahoskatuz...


Nork: marije.2009/11/04 14:11:53.892 GMT+1
Etiketak: euskara | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2009/11/02 09:45:26.570 GMT+1

Urriak 31, arazoak 1: Urgul eta Landarbaso

Udazkeneko asteburu argitsua, ederra, izan da pasa den hau.

Urgulen eta Landarbason izan gara. Argazki gehiago flicker-en.


Nork: marije.2009/11/02 09:45:26.570 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)